12. Dantza Eguna

Herri ikuskizun guztiz "borobila"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 28a, 11:19

"Borobil" herri ikuskizuna estreinatu du bart Orbeldik, 12. Dantza Eguna amaitzeko. Borobiltzeko esatera gindoazen, baina ezin bitan erabili esaldi berean. Edo bai, ezin borobilagoa izan zelako, Usurbilgo herri nortasuna erdigunean jarri zuen emanaldia. Hemen, irudi bilduma.

Borroka feminista, euskara, herri honen ikur nagusietakoa den sagardoa... Herri honen erakusleiho eder askoan bilakatu zuten bart Orbeldik estreinaturiko "Borobil" herri ikuskizuna. Erakusleihoa, ohi bezala, dena herritik herriarentzat sortu dutelako, Orbeldiko dantzari, soinu-banda eta antzezleen laguntzaz.

Erakusleihoa baita, Usurbilen murgiltzeko gonbita argia izan zelako ikuskizun "borobila". Atzerrian bizi diren bi lagunek topo egiten dute sorterri duten inguru honetan. Herrian egindako egonaldi musikatu eta dantzatu eder baten lekuko bilakatu zituzten frontoia lepo bete eta uneoro gogotik txalotzen aritu ziren ikus-entzuleak. Herriaren egunerokoa islatu nahi izan zuten, herri bizitza plazaratu nahi izan zuten.

Emanaldiaren erdigunean kokatu zuten irudi bezala, Zirriborro tailerrekoek erabili zuten Bordatxo pareko biribilgunea. Mural horri begira, Usurbili eskaini zioten dantzetako bat Orbeldiko kideek. Izan ere, dantzak hartu zuen Usurbilgo plaza. Dantza hizki larriz. Maisuki prestatutako ikuskizunean, belaunaldi ezberdinetako herrikideak ikusi genituen denetariko koreografia eder askoak eskaintzen. Esandakoa, emanaldi borobila.

Zozketa
Herri ikuskizuna hasi aurretik, saltzen aritu ziren errifen zozketa egin zuen frontoira joandakoren aurrean Orbeldik. Adi, 412 izan zen zenbaki saritua.