12. Dantza Eguna

Herri sorkuntza, plazara

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 27a, 20:11

Tranpaldo irekiaren laugarren edizioarekin ekin diote goizean 12. Dantza Egun honi.

Laugarrena, askoz oparoagoa heldu da. Orbeldik antolaturiko 12. Dantza Egun hau, herri sorkuntza plazaratzeko bidea izaten ari da egunaren hasieratik. Izan ere, tranpaldo irekiarekin ekin diete ospakizunei. Gogoan izan, ekimenak norbere dohainak partekatzeko mikrofonoa eta jendaurreko eremu ireki bat eskaintzen die antolakuntzak deialdira animatzen direnei.

Aurtengoa, laugarren edizioa izan da eta berrikuntza nabarmen bat ekarri du. Izan ere, aurrekoetan, koreografiak eskaintzeko prest zirenek parte har zezaketen. Oraingoan, ordea, estreinakoz, bestelako arte diziplinei lekua egin nahi izan die Orbeldik. Kantua, poesia errezitaldia edota nola ez, dantza estilo ezberdinak tartekatu ditu emanaldiak.

Askotariko saioak
Hala, euskal dantzak plazaratu dituzte edota Orbeldiko erromeria taldekoek Benito Lertxundiren abesti baten koreografia eskaini dute. Bestelako dantza estiloen erakustaldiak ere izan dira; sevillanak dantzatu dituzte.

Belaunaldiartekotasuna zerion emanaldiari. Adin tarte askotariko herrikideek parte hartu dute hitzorduan; tartean, jendaurrean agertu eta dantzarako trebetasun bikaina duten gaztetxoena. Ostadar izeneko taldearen izenean gaztetxo talde batek kantu ezagunei koreografia gaineratu die.

Aipatu moduan, ordea, dantzaz gain, bestelako sorkuntza lanek ere lekua izan dute tranpaldo irekian. Poesia errezitaldi eder baten lekuko izan dira ikus-entzuleak. Abeslari bikote bat baino gehiago aritu dira fin eta eder asko kantuan.