Gerra santuak?

Historian zehar makina bat aldiz eraso egin da, torturatu eta hil Jainkoaren izenean. Zenbat gerra, gatazka, abusu, ustez eskubide sakratu batzuk defendatzeagatik. Azken batean, aitzakiak besterik ez ziren askotan “zorioneko eskubide sakratu” horiek; estigmatizatu egiten ziren pentsaera ezberdinak, botere politiko nahiz erlijiosoek onartzen ez zituzten guztiak. Hori zen benetako arrazoia. Eta basatikeria horiek guztiak Jainkoak onartuak eta babestuak ziren lider erlijiosoek ziotenez.

Egun hauetan askotan ikusi ditugu pope ortodoxoak errusiarren soldaduen armak bedeinkatzen. “Ene seme kuttunok, zoazte lasai gure aberri maitea defendatzera, zerua irabaziko duzue eta. Izan ere, zuek egitera zoazten sakrifizio horrek bekatu guztiak kentzen ditu”. Ziur aski hitz horiek edo antzekoak esanda bidali dituzte soldadu gizajoak. Jada, milaka dira erori direnak. Eta teologia hori erabili da mendeetan zehar. “Milimetroki errepikatzen da historia hau epoka eta kultur guztietan”, dio kazetari batek.

Zalantzarik gabe Errusiako Kiril patriarka txundituta gelditzen da Putin ikusten duenean elizan aitaren egiten debozioz beterik, kandelak bizten eta Jesukristoren izena aipatzen. Jakina, Putinentzat eta Kirilentzat Ukrainiako Gobernua “Antikristo-a” da eta ukrainar guztiak hiltzea misio sakratu bat. Kieveko gotzainak zerbait antzekoa egin zuen beren soldaduekin. Umore ederrez kazetari batek esaten zuen aurreko batean: “Jainkoa nahaste-borraste handi baten aurrean aurkituko da han goian, batzuen eta besteen erregu antagonikoak iristen zaizkionean”.

Luis Aranalde

"Niretzat kristauen jokabidea izan da penagarriena. Ebanjelioaren agindu nagusia elkar maitatzea da eta gerrak bedeinkatzea eta horiek justifikatzeko Jainkoaren izena erabiltzea arrunt lotsagarria da, ebanjelioaren traizio garbia"

Denak Jainko berari errezatzen? Trumpek ere askotan aipatzen du Jainkoa (berea noski) eta biblia. 1982ko Malvinasko gerran argentinar Galtieri diktadorea eta Margareth Thatcher ziren protagonistak. Batak gotzain gautxoak eta besteak anglikanoak bidali zituzten gudariak indar espiritualez jantzi zizatzen. Gatazka gehienen jatorria nazionaltasuna eta erlijioa izan dira historian zehar, eta askotan biek bat egin dute. Musulmanek iberiar penintsula “Allah handia da” orro eginez konkistatu zuten. Pentsa katoliko eta protestanteen arteko erlijio gerrak XVI. mendean. Inkisizioak berak milaka hil zituen Jainkoaren ohorea salbatzeagatik, Elizaren dotrina garbi eta zuzen gordetzeagatik. Egungo muturreko izar politiko eskuindarrek (Meloni, Abascal, Orban eta abar) harro aldarrikatzen dute beren kristau fedea, nahiz eta pobreei laguntzak murriztu. Hauen artean asko eta asko ebanjelioaren antipodetan daude.

Niretzat kristauen jokabidea izan da penagarriena. Ebanjelioaren agindu nagusia elkar maitatzea da eta gerrak bedeinkatzea eta horiek justifikatzeko Jainkoaren izena erabiltzea arrunt lotsagarria da, ebanjelioaren traizio garbia. Erlijio guztietan egon dira gainera teologo mordoa garaiko diktadoreen kontzientziak lasaitzeko.

Errusia eta Kieven arteko gatazka latz honetan, Frantzisko Aita Santuak ahalegin guztiak egin ditu bakea ezartzeko. Zoom sarea erabiliz 40 minutuz hitz egin omen zuen Kiril Errusiako Patriarkarekin. Lehen 20 minututan eskuetan zuen paper bat irakurri omen zuen, Putinen inbasioa justifikatuz, alegia. “Ez dut ezer ulertu”, zioen Frantziskok Corriere della Serak egin zion elkarrizketa batean. “Bakearen bideen bila ibili behar dugu eta borrokekin amaitu”, eskatzen zion Kirili. “Patriarka bat ezin da Putinen akolito bihurtu”, salatu zuen. Duela hiru hilabete 70 urte bete zituen Putinek. Kirilek honela zoriondu zuen: ”Jainkoak eman dizu duzun botere hori. Indar morala eta fisikoa opa dizkizut zure eginkizun sakratu hori zintzo bete dezazun”.