Etxealdia buelta, berritze lanetan

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 22a, 10:21

Tren geltoki berria eraikitzeko lanak eta San Esteban kaleko obrak martxan dira jada.

Abian dira tren geltoki berriko lanak. Usurbilgo Udalak berri eman bezala, Cycasa enpresa arduratuko da obra hauetaz. 30 hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko. Tarte horretan, ez da aldaketarik izango ez tren zerbitzuetan ezta bertara joateko pasabideetan ere. Gogoan izan, geltoki berria oinezkoen egungo pasabide parera gerturatuko dute. Igogailu nahiz eskilara bidez sarbide irisgarria bermatuko dute lan berriek. N-634 errepidea eta trenbidea igaroko duen zubi berri bat ere eraikiko dute. Bitartean, behin-behineko beste bat.

San Esteban kalea
Etxealdiako kale aldapatsua irisgarriago bilakatu eta oinezkoak lehenesteko lanei ekin die Usurbilgo Udalak. Sasoi Eraikuntzari esleituko dizkion 196.800 euro inguruko lanon iraupena hiru hilabetekoa izango dela aurreikusi du aipatu enpresak berak. Bitarte horretan, ibilgailuentzat hesitua egongo da, nahiz oinezkoak bertatik igaroko ahalko diren. Kalearen goiko aldea da orain berrituko dutena, behekoa “San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egingo dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartzea garrantzitsua izango da", Udalaren esanetan.