Zubietako erraustegia

Erraustegia eta Zubietako gainerako azpiegiturak bisitatuko dituzte Batzar Nagusietako ordezkari politikoek

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 16a, 18:02

Ostiral eguerdi honetan, Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak eginiko bilkuran, Zubieta gaineko azpiegiturak bisitatzeko eguna finkatu dute.

Gaurko Jasangarritasun Batzordearen aurretik, azken aldian, gehiagotan hizpide izan dute Zubietako erraustegia Batzar Nagusietan. Besteak beste, erraustegitik Nafarroako Artaxoara garraiatutako hondakinak hizpide izan zituzten urtarrila hasieran, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EHBilduk Jose Ignacio Asensio foru diputatuari eginiko interpelazioaren bidez.

Horrez gain
, Zubieta gaineko hondakinen tratamendu planten sare horretan hidrogeno berdea ekoizteko proiektua eta urteotako mantentze lanen azpikontratazioa hizpide izan zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak urtarrilaren 29an egindako bilkuran. Saio hartan gai haiei buruzko azalpenak ematen aritu zen Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakaria. Gai hauen bueltan zeuden zalantzak argitze aldera, Zubietako azpiegituretara bisita egitea proposatu zuen EAJren ordezkari eta Usurbilgo zinegotzi Xabier Otxoak. Ontzat eman zuen proposamen hau Asensiok.

Horren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordeak ostiral eguerdi honetan egin duen bilkuran, batzordeko lehendakariak berri eman duenez, finkatua dago Zubieta gaineko instalakuntzak bisitatzeko eguna. Datorren otsailaren 29an, ostegunarekin, goizeko 11:00etan bisitatzekoak dira Batzar Nagusietako ordezkari politikoak erraustegia bera eta gainerako hondakinen tratamenduko Zubietako azpiegiturak.