Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Historia

Hasiera-hasieratik Usurbil bere prehistorian Hernaniko lurra izan da; artzain-garaian alegia, orain dela milaka urte. 

Garai hartan, artzain-garaian, Hernaniren mugak Urumea eta Oria ibaiak ziren. Bi ibaion arteko lur guztiak Hernaniko artzain lurrak ziren. Usurbil eta Orio ere, lurralde handi horretan sartzen ziren. Artean, sortu gabe zegoen Donostia. 

Hernani handi haren mugakideak Oiartzun eta Zizurkil ziren, bi artzain-herri berak ere. Era berean, Oiartzun Astigarrarekin egiten zuen muga sortaldetik eta Zizurkilek Aiarekin sartaldetik.

Oria ibaiaz beste aldean dauden Zubieta eta San Esteban-Urdaiaga ez ziren Hernaniko lurrak, Zizurkilgo lurrak baizik. Urteak aurrera egin ahala, ordea, bi auzo horiek ere Hernani eta Usurbil lurretan sartuko ziren; nekazari-garaian, alegia, zubiak egin eta mugak ibaietatik mendietara igo zirenean. 

Usurbilen historia bere bost auzoen historian biltzen da. Hasieran San Esteban eta Zubieta Usurbilgo lurretatik at gelditzen zirela esan dugu; baina, haiek ere gero sartu ziren. 
Erdi Aroan Donostiaren menpe egon zen, baina 137iean Enrike II.a erregeak “Belmonte de Usurbil” izenaz hiribildu-titulua eman zion. Hiribildua Kalezar aldean eraiki zen. Baina, lehengo ohituraz nonbait, Herriko Batzarrak Elizalden egiten ziren, Paris etxeko hariztian. Usurbildarren Salbatore eliz nagusia ere Elizalden zegoen. Aginagarrentzat ere egokiago zegoen Elizalde hura… Azkenik, Elizalden egin ziren Herriko plaza eta Herriko Etxea ere; eta horrela gelditu zen Elizalde, gaur egungo kaxkoa. 

Usurbil, Donostiaren juridizioan, beste lehenagoko errege batek jarri zuen; Nafarroako errege Santxo “Jakintsuak”, 1811. urte inguruan. Urte horietan berak sortu zuen Donostia, itxas-portutarako , hau da, Baionarekin itxas-salerosketa egiteko. Eta bere Donostia hura indartu beharraren beharrez, Hondarribiatik Oriorainoko Juridizioa eman zion. Donostiako alkatea Juridizio handi horren alkate eta epailea zen, lapur eta gaizkileak zigortzeko eta herritarren eskubideak erabaki eta zaintzeko. Inguru horretan guztiak ez zen beste alkaterik, nahiz eta herri bakoitzak bere ondasunen jabetza beti bere esku izan. Juridizioa, Donostiaren eskuetan zegoen. 

Juridizio hori izan zen urte hartan erregeak Usurbili oparitu ziona; bere alkatea izateko eskubidea, alegia. Eta horren osagarri bezala, Kalezarko bizkarrean herribildu bat egiteko eskubidea. Gainerako, herri-eskubide guztiak ere eman zizkion. Eskubide horien aitormena erregeak usurbildarrei orain dela seiehun urte egin zuen eskutitz baten bitartez, uztailaren 11ean. 

Ahaide Nagusien arteko borroketan Usurbilek ganboarren aldean parte hartu zuen Atxegako leinuaren bidez. Ahaide Nagusiak elkarren aurkako gerra gogorrean ari izan ziren urte askoan, bi taldetan banaturik: oinaztarrak eta ganboarrak, biak elkarren etsai, biak zein baino zein gogorrago. Noizko kontuak diren hauek adierazten duten data jakinik ez dago. Baina, badago Usurbilgo lehenengo batailaren data: 1380. urtea. 

Aipatu bezala, Usurbilek ganboarren alde egin zuen, Atxegako leinuaren bidez. Atxega ondasun handi-ugariren jabe zen Usurbilen eta Aginagan: etxeak, baserri onak, errotak, lur-sailak…

Atxegako jaunaren indarrak mende luzez eduki zituen Usurbilgo herria eta bertako jauntxoak. 

1486an sute handi batek hiribilduaren erdia suntsitu zuen. XV, XVI eta XVII. Mendeetan, udaletxearen eta saltegien kokapena zirela medio, auziak izan zituen Aginaga auzoarekin eta zenbait akordio eta hitzarmen egin behar izan zituzten harresiez kanpoko eta barneko biztanleek.

XVII eta XIX mendeen artean Orioren ertzeko Mapil untziola izan zen industria nagusia. 

Orio eta Zizurkilekin Andatzabeko Batasuna eratu zuen 1826an, Gipuzkoako Batzarretara hiruren artean ordezkari bakar bat bidaltzeko. 1875ean, Bigarren Karlistadan, setiaturik eduki zuten hiru hilabetetan. 1907an udaletxea eta udal-artxibategia erre egin ziren.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.