Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Sagardoa

Sagardoak beti izan du bere biziko garrantzia Usurbilen. Honen lekuko dira, aurki ditzakegun sagasti kopurua, lanabesak, toponimia eta baserrietako tolareak. Azken hauetako batzuk duela hirurehun urtekoak.

Nekazaritza-bizimoduaren garaitan Gipuzkoa osoan sagardoak garrantzi handia izan zuen. Baserri orok zituen bere sagastiak eta ia gehienek tolarea. Garai bateko ardoak eta gaurko garagardoak bezala zuten nagusitasuna erabat bertako sagarraz eginiko sagardoak, pitarrak eta zizarrak.

Hala ere, XX. mendearekin batera sagardoaren itxurarik gabeko gain-beherakada hasten da, baserriaren hustutzea eta lur eremu zabalen abandonatzea eta ardoa eta garagardoaren etengabeko zabalkundeak. Honek sagarraren ekoizpenaren uztea, sagasti osoak ipurditik atera edo sagarrondoen artean pinuak landatzea ekarri zuen. Bestetik, sagardoa bera, edari bezala, erabat desprestigiatzen da.

1931ean, Usurbilen, hogeita bi sagardotegik ordaindu zuten beraien ekoizpenaren zergak. 1980 urtean (Zubieta barne) bi sagardotegi besterik ez ziren eta, 1992an, aldiz, sei zeuden. Gaur egun zortzi sagardotegi ditugu.

Euskal Herriko sagardogintzak hiru bilakaera-bide jorratu ditu:

·Desagertzea da zabalduena (Bizkaia, Nafarroa, Iparraldea eta Donostialdean ezik Gipuzkoa osoan)
·Donostialdean (Astigarraga, Hernani, Urnieta, etab) oso ahulduta baina sagardotegiak mantendu dira.
·Usurbilen sagardogintza industriala jorratu zen sagardotegietakoa eta baserrietakoa utziz. Euskal Herrian izan diren hiru sagardo industriak Usurbilen kokatzen ziren (MAI-ONA, ILLARRAMENDI eta EVA).

Gaur egun Usurbilen iraila-urria aldera hiru eratako sagardotegietan ikusi ahal dugu sagarra jo eta tolareetan patsa zantzatzen:

-Baserrietan: 35 bat tolare, horietatik 20 bat lanean eta eskuz eraginak gehienak.
-Sagardotegiak: 8 sagardotegi, prozedura mekanizatua, upelak hozteko sistemak, boteilaratze automatizatua. Batzuk sagardoza edo sagardo likorra egiten dute.
-Industriala: bakarra, sagardo naturala ez beste, txanpanizatua, muztioa, sagar likorra, ozpina, etab. ekoizten dituena.

Eguberrietan baserri bat baino gehiagotan ospatuko da barrikotea, 100-150 litroko barrika ireki eta sardina zaharren laguntzaz hustutzea famili edo lagunartean, eta laster botilaratuko dira bukoietan (600-1.000 litro gutxi gorabehera) dagoeneko sagardo bilakatu den udazken hasierako muztio hura.

San Sebastianak aldera sagardotegiak irekiko dira eta upeletako (2.000 litrotik gorakoak) sagardoa txotxetik izango da dastagai makailoa eta iditxuletaz bat, lehen gutxi batzuen burupe edo aukera eta egun sagardoari loturiko ohiturarik zabalduena dena. Apirileko hilberan boteilaratuko dira berriz, ontzi erraldoi hauetako sagardoak.

Azken urte hauetan sagardoaren berpizkunde bat nabari da. Edari gisa prestigiatu, sagasti berrien landatzea, txotxeko ohituraren zabaltzea, produkzioaren modernizatze eta higienizatzea, sagardogileen elkartzea eta abar ez dira alferrik izan. Edariaren ekoizpena zorrozteko Elkarteak sortzen dira eta ikerketa bultzatzen da. Honekin batera, Usurbilen 1981. urtean lehen Sagardo Eguna ospatzen da. Sagardo Egunaren zentzua edaria prestigiatu, sagardoaren inguruko kultura eta biziera berreskuratu eta zabaltzea da.

Jakoba Errekondo

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.