Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Errebotea

“Partidua hastera doa, hamahiru jokoetara jaunak”.

Honela eman dio hasiera kantalariak errebote partiduari. Eguartea da. Zubietako plazan jende mordoxka bildu da, ez asko, baina petrila estaltzeko adina bai. Hamar pilotari ari dira lehia bizian, bost taldeko: sakalaria, geralaria, buelta motzekoa eta bi atzelari. Sakea zubietarrei egokitu zaie, suerte txarra, beti da zailagoa beheko plazan jokatzea. Errestuan iparretarrak, …

“Hutsa ta hamabost”.

Plazak izango ditu 70 m. luze baina, hala ere, ez da giro, Iparraldekoen pilotakadak sekulakoak dira. Konturatu orduko elizako paretara bidaltzen dute goiko plazan hartutako pilota, eta txoko-txokora bidali gainera.

“Hutsa ta berrogei”.

Hiru kintze dagoeneko. Alferrik da, arraiak egin behar dira. Sakalaria prest dago sakatzeko. Botiluan bote bat, bi, hiru eta … pike! Hori duk sakea hori.

“Hutsa ta berrogeiko arraia, pasa”.

Harrigarria da arraia baten gorabeherak nola aldarazten duen partidua. Horregatik izango zen hain estimatua gure arbasoen artean errebotea, bizia eta ikusgarria delako, pilotariak aurrez aurre kokatzen direlako, “kantxa” herriko plaza delako, jokaldietan izugarrizko barietatea dagoelako. Horrela ez balitz ez zukeen hiru mendetan iraungo.

“Jokoa. Sakeak bat, errestuak esperantza”.

Galdu, nekez galtzen da esperantza. Erreboteak ez du gaur egun indar handirik. Hegoaldean, Billabonan eta Zubietan jokatzen da soilik, baina Iparraldean badu oraindik sona eta hogeitik gora talde badaude. Etorkizuna? Esperantza.

“Partida, jaunak”.

Bukatu da. Jendea bero-bero, txalo artean agurtu dituzte pilotariak. Hauek xestoak eta guanteak kendu eta elkarri bostekoa eman diote. Ikusle batzuk berriketan ari dira: halako jokaldietan erabaki omen da partida, geralariak ez omen dira fin ibili eta pilota gehiegitxo pasa omen zaie herrestan, … Beste batzuk sagardo eta txakolin botilak jaso eta tabernara doaz. Ikuskizun polita izan da. Datorren igandean, berriz.

Xabier Arregi

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.