Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Angula

Angulak ibai gutxitan dira, baina inon ez dute asmatu Aginagan adina etekin ateratzen. Aritzeak emandako eskarmentu eta isileko formula erabakigarriez gain, ziurrenik, mendetan datorren arrantzarako jakituriaren isla dateke.

Animalia misteriotsua dugu. Ezer gutxi dakigu bere bizitzaz. Mexikar golkoaren aurrean dagoen Sargazoen itsasoan jaiotzen da. Golkoko korronteak aprobetxatuz, gureganako bidaiak ia hiru urte iraungo du. Bidaia larba moduan egingo badu ere, iristear dagoelarik, ezagutzen dugun angula itxura hartuko du. Ibaian 10-20 urtez bizi ondoren, senak deituko dio, alderantzizko bidaia eginez, Sargazoen itsasora itzul dadin. Zilar koloreko den aingira, hori bihurtuko da. Ur gazitan nahiz gezatan ondotxo moldatzen da. Bidaian zehar, heldutasun sexuala lortu eta angula jendeari segida emateko prestatuko da. Beraz, Euskal Herriko uretara inguratzeko bidai luze-luzea egin beharko du angulak. Itsasoan, ibai ahoan, zain egongo da une egokia suertatu arte. Neguko ilargi berriarekin abiatuko da ibaian gora, aingira bilakatu eta bertan bizitzeko. Gau ilunak atsegin zaizkio, ahal bada hego haize punttarekin. Marea gora eta ura, berriz, arrea. Ur karga bada, hobe. Baldintza hauekin eta angulak “nahi badu”, baltsa handitan sartuko da ibaian. Zain izango du anguleroa.

Farola, baia (bahea) eta alaz (txalupa) arituko gara anguletan. Oriak mila txoko ditu anguletan aritzeko aproposak. Gehien maite dugun txokora edo, eguraldi, haize, uraren kolore eta handia, ilargi eta abarren arabera, gau horretarako egokienatzat jo dugun zulora gidatuko dugu ala. Han, ur bazterrean lotuko dugu ala, trabeska, ur korronteari aurka eginez. Kontraesana badirudi ere, anguleroak farola piztuko du alaren ertzean. Angula argitara biltzen omen da. Baiarekin, orduan, kaladak egingo ditu, korrentaren kontra, ur azalean, alaren luzera goitik behera paseaz. Kalada bakoitzean baia kutxa batera hustuko da. Bi edo hiru angula ateratzen badira gaua itxaropenez begiratu behar da.

Angula bizitegietara eraman liteke edo, hurrengo goizean bertan, akabatu eta jateko prestatu.
Bizitegietara eramandako angulak egun batzuk igaroko ditu bertan. Egun horiek nahikoa ditu (angula aingira bihurtzen ari denez) angula beltza bihurtzeko, ibaitik atera den angula txuri, ia transparenteari, bizkargaina beztutzen bait zaio. Horra hor, hainbeste ospe izan duen Aginagako angula beltzaren sekretua.

Angula hiltzeko tabako ura erabiltzen da. Ur horretara botaz, angulak berehala hiltzen dira. Akabatu ondoren, angula egosi egiten da. Egosi eta gero, arpilera haundi batzutan zabaldurik, neguko haize hotzera ateratzen dira, lehortu daitezen. Hozten direnean, prest daude bere horretan edo bakoitzak nahi duen eran maneiatuta jateko.
Gaur egun asko modernatu da prozesu hau: motorrezko arrastreroak dira nagusi, angula egosia berehala konjelatzen da, eta abar.

Baina aurrerapen teknikoek ez dute asmatu angularen eskasia konpontzen. Garai batean, irailetik apirilera luzatzen omen zen kanpaina aldia. Gaurko egunean, berriz, neguko hiru hilabete eskasetan agertzen da, agertzen den angula piska. Aire berriak ekarri ditu beste arrainez egindako angularen antzekoak, “La gula del norte” izen arrotz eta itsusiz bataiatu dutena. Angula entrepresen arazoak zuzendu litzake inbentoak, baina ez angularena. Angula desagertzera doa ez badira neurri zorrotzak segituan hartzen.

Joxe Jabier Furundarena

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.