Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Auzoak

[San Esteban]

Irisasi mendiak aztarnategi megalitiko ugari ditu, gure arbasoen lekukotasuna agertuz.
XIII. Mendearen hasierako dokumentuetan “San Esteban Monastegia” aipatzen da. Beti ere, XIV. Mendeko Urdaiaga jauregi gotikoari loturik azalduko da, ziurrenik ere batasun bat osatuko zuten, zeinaren menpean egongo zen Urdaiaga mendetan. Urdaiaga dorrea Gipuzkoako dorretxe gehienak bezala, berdindu egin zuten eta, gaur egun, baserri ederra da, jauregi arrastoak bertan mantenduz.

1836ko desamortizazioa arte, Irisasi mendia Orreagako monasterioarena izan zen. Zalantzarik gabe, arrazoi hau medio, Gipuzkoako basorik handi eta osatuena bezala aipatzen da XIX. Mendean. Geroztik, Estatuaren esku, itsasontziak eraikitzeko eta burnioletako egur premia zela eta, antzinako oihana soildu eta hondatzen dute.

Honetaz gain, egungo pinuaren monokultiboak, matarrasak, eta abarrek asko itsusten badute ere, Irisasi ingurune natural izugarria da, edertasun anitz bere baitan gordetzen duena. Txangoetarako eta mendiko bizikletekin bira politak egiteko aukera aparta eskaintzen du.

Bestalde, hiru errota eta aingura lantegi famatu bat izan zituen. Gaztañaritxabal edo Bekoerrota benetako museo etnografikotzat jotzen dena, ia-ia lanean jartzeko moduan baitago. Lehen industrializazio ahaleginak zeta lantegi baten arrastoak utzi zituen Andatzaren maldetan. Gure “Orbaizetako ola” partikularra, Irisasiko oihanaren itzalean.

 

Bertsoa: Larros bat du Usurbilek

 

Larros bat du Usurbilek
politena, politetan
ta zera zu Urdaiaga
bihotzeko San Esteban.
Mendiko tontor batean
hortxen zaude irifarrez,
Andatza da zure babes
ta Usurbil degu aurrez.
Zu zaitugu gure izar
gure poz, gure atseden
ta zuri eginez irrifar
aurkitzen naiz hemen.
Bihotza ohostu didazu
utzirik epel ta xamur
nerekin gordeko zaitut
ez dizut egingo agur.

 

Antton Aranburu

[Kalezahar]

Esan dugun eran, Usurbil herri izendatu zutenean Kalezar herriko erdigunea zen. Hiribildua osatzen zuen, harresia ez bada ere, nola edo halako fortifikazioa zuelarik lau alderdietatik. Kale nagusiena lotzen zuten bi ate nagusi zituen, bata ekialdetik eta, bestea, mendebaldetik. Administrazio zerbitzuak eta ofizio guztiak biltzen ziren bertan, oraindik ere, etxeen izenak adierazten duten bezala: Kontseju, Eskribanea, Arotzanea, Erreroenea, Zapatarinea, Barberonea, Danbolinenea,…
Gune berezia osatzen dute ekialdeko atetik oso gertu diren Sokorroko ermita eta Ospital deritzon etxeak. Antzinako Santiago Bidearen aztarnak dira.

Zenbait ikerlari eta herritarren arabera, gaur egun Kalezar barruan kokatzen den Txikierdi, aparteko auzoa izan zen. Txikierdin, Asteasuain zaharra baserrian, garai batean eliza ere izan zela, antza guztiak ditu.

Egun, historiari zor zaion begirunez, Kalezarri urbanizatze egokia egin zaio, horrela aurpegi jatorra eta berritua erakusten duelarik. Bi ate nagusien aztarnak errespetatu dira. 

[Zubieta]

Irisasi mendiaren adar bat ekialderantz luzatzen da, zubietan sartuz: osotasunean Zubietamendi deritzo eta gainik altuena Txaldatxur izenez ezagutzen da. Adar zabal, luze eta oparo honetan arrasto megalitiko ugari aurkitu dira, zeinek frogatzen baitute mendi hauen erosotasuna eta aberastasuna.

Antzina auzotarren komunitateak (lehen dokumentua 1.495ekoa) izan zuen nagusitasuna. Bere eginbeharra zen bideak, mendietako ondasunak, erriberako lurrak eta maiztergoan utzitako etxeak zaintzea, legez komunitatea deuseztatzera behartua izan zen arte. Orduan biztanle batzuk Donostia eta, beste batzuk, Usurbilgo herritar egitea erabaki zuten. Zubietarrek lehendabizikoz 1.499an parte hartuko dute Usurbilgo batzarretan. 
1813. urtean Donostiako jauntxoak Zubietako Aizpurua baserrian elkartzen dira, frantziarrek suntsitu eta erretako Donostia berreraikitzea erabakiz. Badu etxe honek bileraren oroigarria bere paretetan.

Gaur egun biztanleriaren artean herri giroa nabaria bada ere, ez dirudi gauzak horrela izan direnik beti. Elizak beti ate ditu, bata donostiarrentzat eta beste usurbildarrentzat (eliza Usurbilgo San Salbatore parrokiaren menpekoa da).

Herri arkitekturaren adierazgarri, baserri ikusgarriak ditu: Berridi, Alamandegi, Aliri, Aizpurua, Zuasti,…. 1.849an probintziako errotarik onenetakoa bezala aipatzen da Aizpuruako errota (egungo egur-zerra). Errebote plaza zoragarri bat du, Billabonarekin, Gipuzkoako bakarrak. Joko berezi hau uda aldian ikus daiteke. Hego Euskal Herriko hipodromo bakarra bertan kokatua dago, 1.916an lehen lasterketak korritu zirelarik.

Nahiz eta ahalmen urrikoa izan, alkatetza pedaneoa gorde du ia gaurdaino. 1970. urte bitartean “Alcaldía pedanea” izeneko batzordearen jarduera ona izan zen. Zubietak autonomia maila zuen, eta Usurbil eta Donostiako udalek beren ordezkariak zituzten batzorde horretan. Baina, 1975ean Franco hil zen, eta honekin batera “Alcaldía pedanea”ren figura desagertu egin zen, Zubietari hainbat urtetan autonomia eman zion batzordea ezerezean geldituz. 
Hurrengo urteetan, ordea, Zubietak betidanik ezagutu izan duen erakunde horren pareko batzorderik ez zuen sortu. Zubietak azken 90 urteetan izandako autonomia bertan behera geratu zen.

1992an herri-batzarra sortzeko lehen pausoak eman ziren. Donostia eta Usurbilgo udalek zeresan handia izan zuten herri-batzarra izeneko organo hau sortzerakoan. 1987az geroztik, bi udalak harremanetan izan dira, eta hasiera batean desadostasunak nabarmenak izan, 1992tik ia gaur arteko negoziaketek bere fruituak eman dituzte.

Donostiako udalak plan orokorra egiterakoan oztopoak ikusten zituen zubietan. Lur batzuk bere udalerrikoak ziren, baina beste batzuk Usurbilgoak. Gainera, lur hauek ez zeuden denak batera, batzuetan Usurbil eta Donostiako lurrak tartekatu egiten ziren.

Hau horrela izanik eta Zubietak dituen etxebizitza premiei aurre egiteko eta, horrela, urbanizazio plan bat garatzeko, aurrebaldintza batzuk ezarri ziren: lur mugaketa egitea, hau da, lurrak banatzea; ordenazio urbanistikoa egitea eta, azkenik, Zubietak historikoki izan dituen administraziorako erakundea berreskuratzea, hau da, herri-batzarra osatzea.

Egun zubietarrek Zubietako Herri-Batzarra dute, lur mugaketa ere egina dago eta urbanizazio plana ere onartuta dago. Urte amaieran hasiko dira dagoeneko obrak. 96 etxebizitza egingo dira, beste hainbat ekipamendurekin batera. Zubietarrek herri bezala aurrera egiteko beharrezkoa zuen plana martxan jarriko da berehala, bertako herritarrek euren herrian bizi ahal izateko, kanpora joan ez daitezen eta herri-proiektua gauzatzen hasteko.

[Kaleberri]

Antzina Atxega jauregiaren nagusitasuna nabarmena izan zen. Ezkontzak medio Ganboarrekin lotu eta, hain krudela gertatu zen, Ganboa eta Oinaztar jauntxoen arteko gudan sartu zen. Bi bandoen arteko lehenengo bi gatazka famatuak “Usurbilgo erribera”n burutu zituzten.

Kaletarrek betidanik izan zituzten disputa franko Atxegako jauntxoekin. Gorabehera eta liskar hauetan, piskanaka-piskanaka, kaletarrek hartuko diete gaina. Nagusitasuna areagotu eta betiko finkatzen da, “Herri” izendatu ondoren, Udaletxea (“kontsejua” edo “Herria” herritarrek deitzen dioten bezala” Kaletarren kokatzen dutenean, eta ez elizaren ondoan normalagoa izango zena. Horren arrazoia Atxega jauregiaren hurbiltasuna da, eta honekiko duten mesfidantza eta beldurra. 
Kalezartar eta aginagatarrek istilu ugari ibiliko dituzte beraien artean. Kalezarko Kontsejua urrutiegi dagoela iritziko diote aginagatarrek, horregatik, herri batzarreak erdibide batean egingo dira, Paris etxeko hariztegian. Geroago, atxegarren mehatxua desagertzen delako eta Kaleberrik indar berriak hartu dituelako (biztanle aldetik, eta abar) Kontsejua Kaleberrira pasako dute, Elizaldea herriko erdigunea bilakatuko delarik.

[Aginaga]

Zubietarren antzera, Aginagak ere antzinako instituzio propioa izan zuen, komunitatea izan zen. Maiztergoan utzitako etxe eta lurrak zaintzeaz gainera, aginagatarrek Irisasi mendian dituzten eskubideak defendatuko dituzte nagusi desberdinen aurrean auzi luze eta korapilotsuetan. Epaitegiak eskubide horiek gordetzearen alde agertu dira beti. Komunitatean Urdaiagako baserri askok ere parte hartzen dute. Hortik azaldu beharko litzateke, beharbada, bi auzo horiek betidanik izan duten senidetasunezko harremanak.

Donostiari 1.180an emandako foruetan Aginaga ere barruan sartzen da. Usurbil sortu eta, Zubieta eta Urdaiaga baino lehenago integratu zen bertara, baina administrazio independenteari eutsi zion denbora batez. Erabat parroki independentea du, hilerri eta guzti. Liskar franko izan zituen aurrena kalezartarrekin eta, ondoren, Kaleberriarrekin udal kudeaketa zela medio. Gaurko egunean ere, itzali gabeko sentimendu hori suma daiteke aginagarren artean.

Garai batean Mapilen erregearen ontziolak kokatu ziren, Irisasiko egurrez eginiko itsasontziez erregearen armada hornitzeko. Badira Kolonek ameriketara eramandako Santa Maria ere bertan egina zela diotenak, “Maria Galanta” omen zeritzan. Felipe Ivak bere alaba Luis XIV Frantziako erregearekin ezkontzera ekartzen duenean, Bidasoan gondola baten aginean emango dio alaba errege frantziarrari. Gondola oso dotorea da eta adornu bitxiez horniturik doa, eta Mapilen egina omen da.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.