Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Erremedioen txokoa

1) Berbena-belarrez egindako xarabea (132.alean argitaratua)

.. Osagaiak:

– 800 gr. azukre
– 1 lit. ardo txuri normala
– Usainik gabeko 100 gr. berbena-belar. Belar-dendan saltzen da, poltsa bakoitza 40gramokoa da. Bi poltsakin nahikoa da.

Osagai guztiak eltze batean bota eta irakiten hasten denean, sua jaitsi. Bitrozeramikan eginez gero, 3 ordu laurden nahikoak ditu. Eztia bezala geratzen denean, iragazkitik pasa eta hozen utzi. Pote batean sartu, edozein tokitan gorde daiteke.

.. Zertarako balio du erremedio honek?

Birikiak garbitzeko, mukiak, flemak… botatzeko.
Bi pote neurri daude; bata, handia helduentzako, eta bestea, txikia haurrentzako… Helduek

egunean bi goilarakada hartu behar dituzte; bat, baraurik hartu behar da eta, bestea, oherakoan. Gorakoa ematen badu, esnearekin nahastuta hartu daiteke. Potea hasi eta bukatu egin behar da. Normala da pote erdia hartu eta gero, mukiak eta flemak askatzen hastea, bai ahotik edota pixa edo kakatik. Orduan, botika eragina egiten ari den seinale da. Beraz, bi hartu ordez, goilarakada bat hartzearekin nahikoa da. Garrantzitsua da baraurik hartzea… Haurrek,

aldiz, egunean behin hartu behar dute; goilarakada txiki bat goizean eta baraurik. Haurrek ere pote osoa hartu behar dute, baina neurria ere txikiagoa da. Ez du kalterik sortzen. 

2) Udaberrirako fruta-zumo ezberdinak (135.alean argitaratua)

1) Garbitzeko balio duen zumoa:

.. Osagaiak: Jingibre zerra bat, erremolatxa bat, sagar erdia eta lau azanarioz eginiko zumoa.

.. Nola hartu? Astebetez egunero basoka bat hartu, baraurik.

.. Zertarako balio du? Ondo kaka egiteko, hesteak garbitzeko,… Azanaoriak minbiziari aurre egiteko ona da, karotenoa duelako; baita azalarentzako ere. Jingibrearen kasuan, odola garbitzeko balio du.2) Zumo-zuzpergarria:

.. Osagaiak: Bi laranja, sagar handi bat eta 50 gr. limoi. Osagai hauekin zumoa egin… Nola hartu? Astebetez egunero basoka bat hartu, baraurik… Zertarako balio du? Makal xamar bazabiltza edota nekatuta bazabiltza, zumo hau oso egokia da.3) Akneari aurre egiteko zumoa:

.. Osagaiak: Laupabost azaburu hosto, eskukada bat perrexil, lau azanario eta sagar erdi bat.

.. Nola hartu? Egunean lau aldiz hartu daiteke, baina baraurik.

.. Zertarako balio du? Aknea baldin baduzu, zumo hau oso egokia da akneari aurre egiteko.

4) Insomnioari aurre egiteko zumoa:

.. Osagaiak: 100 gr. letxuga eta 100gr. erremolatxa zurituta. Likuadoran pasa.

.. Nola hartu? Lo egin aurretik hartu, egunero.

.. Zertarako balio du? Gauetan lorik ezin baduzu egin, edo zailtasunak baldin badituzu, egunero ohera sartu aurretik goilarakada bat hartu.

3) Azaleko azkura (138.alean argitaratua)

.. Osagaiak:

– 300 gr. Aloe
– Basokada bat whisky (ona bada, hobe)
– Arroz siropea: 3 koilarakada

Aloea garbitu eta moztu. Barruan daukan jelatina atera behar zaio. Osagai guztiak eltze batean bota eta irakiten hasten denean, sua jaitsi. 15 minutu sutan egon ondoren, guztia irabiatu behar da.

.. Zertarako balio du erremedio honek?
Normalean udaberrian eta neguan sartzen garenean, hostoak erortzen hasten dira. Orduan, oso ohikoak dira azaleko azkurak. Horrelakoetan, erremedio hau oso egokia izaten da.

.. Nola hartu behar da?
Egunean hiru koilarakada hartu behar dira: gosaldu, bazkaldu eta afaldu aurretik.

4) Ile erorketa (145.alea argitaratua)

.. Osagaiak:

– Perrexila
– eskukada berro
– 3 zurtoin apio
– 4 azenario
– sagar erdia
– Mihilu pixkat

.. Zer egin ile erorketari aurre egiteko?
Aldameneko kuadroan jarri ditugun osagai hauekin guztiekin zumoa egin. Zumo hau egunean aldiz hartu.
Bestalde ere, 100 gr. berro hartu, zukua egin eta buruazala zumo honekin igurtzi eta gero burua garbitu.
Bai zumoa bai berro-zukuarekin buruazala igurztea oso aproposak dira ile erorketa gelditzeko edo, behintzat, gutxitzeko.

.. Prebentziorako zifra eta datuak
Ilea gauza bizia da eta etengabeko berrikuntza-prozesuan dago, baina hegaztiengan ez bezala (hauek lumak bapatean aldatzen baitituzte), gizakiengan ilearen galera prozesua graduala da. Pertsona helduak, normalean, 100.000 ile-folikulu inguru dauzka buruko ile-larruan (eta horietatik % 88 bat hazkunde-fasean daude, % 11 atsedenaldian eta % 1 erortze-fasean). Egun bakar batean 100 ile inguru erortzea normaltzat har daiteke, gainerako ileak 0,45 milimetro inguru hazten diren bitartean.
Ilea ere zahartu egiten da eta urteak pasatu ahala kopurua, kalitatea eta indarra galdu egiten zaio ileari. Jaioberri batek 1.135 folikulu dituen bitartean, 625era jaisten dira bizitzako hirugarren hamarkadan eta 485era bostgarrenean. Baina burusoiltasuna ez dator galtzen den ile-kopurutik soilik; horren ordez ateratzen dena kalitate eskasekoa izatetik baizik.
Galdutako ilea berreskuratu ez, baina erorketa atzerarazteko modu merke bezain erraza higienea da. Denbora luzez dermatologia klasikoak ilea asko ez garbitzeko esaten bazuen ere, behar-beharrezkoa da txanpu suabe batekin ilea maiz garbitzea. Pazienteak sarritan garbitzearen kontra atera daitezke (ilea garbitzean gehien galtzen dutela konturatzen baitira), baina erortzen den ile hori lehendik ere hila dago, eta ez du garbitzeak hondatzen; alderantziz baino.

5) Katarroa sendatzeko erremedioak (147.alean argitaratua)

Katarroak, arnasbideetako infekzioak, neumoniak eta, oro har, hotzarekin zerikusia duten gaixotasunak oso ohikoak izaten dira urte sasoi hauetan. Udazkeneko katarro edo gripeak ere zer esanik ez. Nor ez da egon egun hauetan gripeak jota?
Gripea arnasbideetako infekzioa da, influentzia A eta B motako birusek eragindakoa. Badago, hirugarren multzo bat ere, C, baina ez dirudi gaixotasun larriegirik eragiten duenik. Gripea oso erraz transmititzen da. Birusa gorputzean sudurreko, ahoko edo begietako muki-mintzetatik sartzen da. Norbaitek eztula egiten duenean birusa airera ateratzen denez, inguruan dagoen edonork arnastu eta xurga dezake. Gehienetan gripea haurrek izaten dute lehenago, gero beste toki batzuetara zabaltzen dute. Estatistiken arabera, neguan gripeak populazioaren %20ri erasotzen die.

.. Nola sendatu?
Gure artean, gaixotasunak sendatzeko sendabelarrak erabiltzen dituzten herritarrak baditugu. Sendabelarren bitartez, infekzioak, zauriak, tentsio altua, gehiegizko kolesterola, diabetea, zizareak, gibeleko gaitzak, giltzurrunekoak, katarroa, handidurak, etab. sendatzen dira.
Iruntzi-belarra edo berbena hainbat eratara prestatuta, gaitz asko sendatzeko erabiltzen da. Horien artean, katarroa, mintzagai dugun gaixotasuna. Guk hiru erremedio erraz aipatuko ditugu txoko honetan:

1) Pasmo-belarrarekin egindako infusioa
Katarro edo gripearentzat pasmo-belarrarekin egindako infusioa oso ona izaten da. Hiru egunetan jarraian hartu behar da, egunean baso-erdi bat eta beti baraurik. Katarro handia daukazunean, egunean bi aldiz hartu dezakezu.
2) Berbena-enplastoak
Arrautzaren zuringoarekin tortila bat egin eta berbena zatiak bota. Tortila bero-bero dagoela, zapi batean bildu eta honako hiru kasutan jarri: anginetako mina izanez gero eztarrian jarri, eztula izanez gero bularrean edo bizkarrean jarri, eta sinositisa izanez gero, kopetean. Gau osoan jarrita eduki, astean behin.
3) Plantila-belarra
Behar diren osagaiak: 7 hosto, 6 limoi, kanela, eztia eta litro bat ur.
Lehenik eta behin, limoiari azala kendu eta zukua egin. Beste alde batetik, litro bat ur egosi, limoiaren azalarekin, kanelarekin eta plantila-belarraren hostoekin. Ordulaurden bat utzi sutan. Ondoren, iragazkitik pasa eta egin dugun limoi zukua bota eta goilarakada bat ezti. Egunean hiru aldiz hartu behar da, goizean, eguerdian eta gauean.

6) Erreuma sendatzeko erremedioak (150.alean argitaratua)

Erreuma eta artitrisa artikulazioak inguratzen dituen ehunen hanturak dira. Oraindik ez dago ziurtasunik gaixotasun honen eragileei buruz, baina, uste denez, geneek, birusek eta elikagaiek izan dezakete zerikusia. Hotza eta hezetasunaren ondorioz areagotzen diren infekzioak ezin hobeak dira erreumak sistema inmunologikoari eraso egin diezaion. Ondorioz, hanturak eragiten dituzte, mugimendua eragozten dute eta etengabeko min gogaikarria sortzen dute.
Gaixotasuna zerk eragiten duen ez jakin arren, zientzilarien ustez, erreumaren aurkako prebentzio-neurri garrantzitsuena elikagaietan dago. Zehatzago esanda, zientzilariek egositako barazkietan eta oliba-olio gordinean oinarritutako dieta aholkatzen dute. Beraz, osasun hobea izan nahi bada, argi dago Gabonetako elikatze-ohiturak ez direla egokienak. Dena den, guztia ez da osasun ona izatea, mahaiaren inguruan biltzeak, bapo afaltzeak eta bazkaltzeak eta, batez ere, giro onean egoteak zerbait balio du. Behar bada eztarriko edo gerriko minak bezainbeste! Bakoitzak har diezaiola neurria, egin dezala bere hautua!

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.