#E9

39 zerrenda lehiatuko dira Europako hauteskundeetan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 8a, 10:27

39 hautagai-zerrenda aurkeztu dituzte, ekainaren 9an Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeetara. 

Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeetarako hilabete baino ez da geratzen. Ekainaren 9ko hitzordura begirako prestaketen prozedura martxan da azken asteotan. Asteazken honetan, maiatzaren 8an, estatuko Hauteskunde Batzordeak ezagutzera eman ditu egun horretan lehiatuko diren hautagai-zerrendak. Maiatzaren 1etik 6rako epealdia zuten zerrendok aurkezteko. Gaur argitaratu ditu aurkeztu direnak Estatuko Aldizkari Ofizialak eta astebete barru, hilaren 14an aldarrikatu egingo dituzte hautagai-zerrendok.

Barruti bakarra
720 diputatuek osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legealdietan baino 15 ordezkari gehiago izango ditu. Haietatik 61 espainiar estatuari dagozkio.

Gainerako udal eta foru hauteskundeekin, berriki izandako Eusko Legebiltzarra berritzekoekin edota Espainiako Gorteei lotuta izaten diren bozketekin alderatuta, Europakoek berezitasun bat badute. Izan ere, hauteskunde barruti bakarra egongo da deialdi honetan, estatu mailakoa; hau da, boto eskubidea izango duten herritarrek hautagai-zerrenda berdinak aukeratu ahalko dituzte estatu osoan. Desberdintasunik egongo da halere; hautagai-zerrenda berak autonomia erkidegoetan zerrenda eta izen berezituekin aurkeztu ahalko dira eta.

39 zerrenda
Modu horretan ulertu behar dira Estatuko Aldizkari Ofizialak, asteazken honetan, maiatzaren 8an argitara eman dituen hautagai-zerrendak. Guztira 39 zerrenda aurkeztu dira Europako Parlamentuko hauteskundeotarako.

Argitaraturiko hurrenkeraren arabera, honako hauek: Izquierda Española (IZQESP), Coalición Por Una Europa Solidaria (CEUS), Frente Obrero (FO), Ahora Repúblicas (ERC-EHBildu-BNG-Ara Més); Junt I Lliures Per Europa (Junts-UE); Partido Socialista Obrero Español (PSOE); Ahora Andalucía (Andalucistas); Iustitia Europa (IE); VOX; Partido Popular (PP); Escaños En Blanco Para Dejar Escaños Vacíos; Corriente Revolucionaria de los Trabajadores (CRT); Podemos; Feministas al Congreso (PFAC); Partido Comunista de los Trabajadores de España (PCTE); Coalición Partido Comunista de los Pueblos de España/Partit Comunista del Poble de Catalunya (PCPE/PCPC); Salamanca-Zamora-León Prepal; Partido Libertario (P-LIB); Sumar; Partido Animalista con el Medio Ambiente (PACMA); Cree En Europa; Pais I Moviment Rural (PMR); Agrupación de Electores "Se Acabó La Fiesta"; Futuro (F); La España Olvidada Existe-Municipalistas-Mundo Justo (Existe); Ciudadanos (Cs); Falange Española de las J.O.N.S. (FE de las JONS); Soberanía Alimentaria Española (SAE); Juntos por Extremadura (J.U.E.X.); Partido Humanista (PH); VOLT España (VOLT); Recortes Cero; Espacio Amplio Paz Soberanía República (Paz Soberanía República); FIEL (FIEL); Izquierda por España (IZQP-Unidos-DEf); Extremeños Prex Crex (Extremeños, y Subsidiariamente Ex Prex Crex); Partido Galego (GLG); Pirates de Catalunya-European Pirates-Alianza Rebelde  (Pirates.Cat/Rebeldes); Nuevo Extremeñismo-Adelante Extremadura (NEX).

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 13: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrenden aldarrikapena Estatuko Aldizkari Ofizialean.
-Maiatzak 14, 9:30: mahaikideak hautatzeko zozketa udaletxean (maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea).
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.