41. Sagardo Eguna

Atzerako kontaketa betean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 8a, 11:06

41. Sagardo Eguna hurbiltzen doala argi da, herriko sarbideei erreparatu besterik ez dugu.

Ikusten duzuen moduan, urteroko erritua bete dute. Atzerako kontaketa betean gara dagoeneko. Hamaika egun baino ez, usurbildarren urteko jaiegun miretsienerako. Izan ere, maiatzaren 19an ospatuko dugu 41. Sagardo Eguna. Hitzordua iragartzeko kartelak jarri dituzte dagoeneko herri sarreran; kartel handi bana N634 errepide ertzean, Oxtapen eta San Inazio ondoan. 

Edizio honetako egitaraua segidan duzue. Ez da faltako ohi den moduan, jan-edanik. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 41 sagardo postuko eskaintza aurkituko duzue ohiko festa eremuan; frontoian, Askatasuna eta Dema plazan. Bertan, baserriko zein sagardotegietako edari ezberdinak dastatzeko aukera izango da, pintxoekin batera. 

Gogoan izan, argitu dela epe motzera behintzat, Sagardo Egunaren etorkizuna. Izan ere, egungo antolatzaile taldeak urteak zeramatzan errelebo eske eta aurtengoan, haien azken edizioa izango zela iragarri zuten duela hilabete. Erreleborako deia egin zuten berriz, eta lekukoa hartzea erabaki du usurbildar gazte talde batek. Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek NOAUA!ra helarazitako idatzian berri eman bezala, "asmoa aurtengo urtean hasi, datorren urtea bi taldeek elkarlanean pasa eta erreleboa ahalik eta ondoen ematea da, trantsizioarekin festa eder honetan ezer falta ez dadin".

41. Sagardo Eguna
Maiatzak 19, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
15:00 Botatzaileen bazkaria Udarregi ikastolan.
17:00-20:00 “Matraka” Elektrotxaranga Usurbilgo kaleetan zehar.
Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.


Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak

Kaixo lagunok:
Azken komunikatuak bere fruituak eman dituela esateko idazten dizuegu.

Pozez esan dezakegu, Noaua!-k gure idatzia argitaratu eta bi egunetara, usurbildar gazte batzuk gurekin harremanetan jarri zirela. Taldetxo eder bat osatu dute egungo antolakuntzari erreleboa emateko gogoz.

Bilera pare bat egin ditugu jada elkarrekin. Asmoa aurtengo urtean hasi, datorren urtea bi taldeek elkarlanean pasa eta erreleboa ahalik eta ondoen ematea da, trantsizioarekin festa eder honetan ezer falta ez dadin.

Eskerrak eman besterik ez daukagu talde berri honi. Oso pozik gaude aurpegi berriak, ilusioz eta gogoz beteak gure artean ikusteaz.

Egun handia iristear da, badauzkagu Sagardo Eguneko egitaraua eta 41 sagardo postu lotuta. Erreleboa urte askotarako ere etorri dela espero dugu. Orain, zuek bertaratu eta egun eder bat elkarrekin pasatzeko prest izatea besterik ez zaigu falta.

Laster ikusiko dugu elkar, eskerrik asko! 

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak