2024-25 ikasturtea

Lanbide Heziketan aurrematrikulatzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 6a, 07:16

2024-25 ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalik izango da gaurtik Lanbide Heziketa osoan.

Maiatzaren 24ra arte luzatuko da tarte hau Lanbide Heziketa osoan.

Lanbide Heziketa
Gogoan izan, erdi eta goi mailako bost familia profesionaleko zikloak eskaintzen ditu Zubietako ikastetxeak: Administrazioa, Elektrizitate-Elektronika, Energia eta Ura, Fabrikazio Mekanikoa, eta Instalazioak eta Mantentzea.

Adi, ate irekien bi egun iragarri dituzte aste honetarako:

  • Maiatzak 7 asteartea: 17:00etan erdi mailak.
  • Maiatzak 8 asteazkena: 17:00etan goi mailak.


Hitzordua eskatzeko:
Etarte bidea, 9
943 364 600
Ordutegia: 8:30-17:00 (astelehenetik ostegunera), 8:30-14:30 (ostiraletan)
lhusurbil.eus

Oinarrizko Lanbide Heziketa
Bi espezialitate eskaintzen dituzte: ile-apainketa eta estetika zein sukaldaritza eta jatetxe titulua eskuratzeko ikasketak. 15-17 urte arteko gazteei zuzendua dago hezkuntza eskaintza hau (DBH 3 egina dutenak edota salbuespenez DBH 2 egina dutenentzat). Bi ikasturterako ikasketa prozesua da, 2.000 ordukoa. Lanbide bat ikasi eta lan munduan murgildu nahi duten gazteei nahiz gerora erdi-mailako ikasketak egin nahi dituztenentzako da. Amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua eskuratuko dute, erdi mailako ziklorako sarbide zuzena, DBH graduatua lortzeko bidea ere bada edota lan mundurako 1 zenbakidun profesionaltasun ziurtagiria jasoko du.

Lan-metodologia “oso praktikoa da” Atallun kokaturiko eskolakoen esanetan. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean 4 ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean 2 ordu)”. Bestalde, erronkak proposatzen dituzte; “lan munduan gerta daiteken egoera bat azaldu eta horren inguruan lan egin”.

Oinarrizko Lanbide Heziketa berezi egiten duen hainbat ezaugarri ditu. Ikastetxetik nabarmendu moduan, eskola txikia da, “talde txikietan lan egiten dugu”. Horren harira, ikasleen arreta indibidualizatua bermatua dagoela ziurtatu dute. “Ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie. Ikaslea kokatzen dute hezkuntza prozesuaren erdigunean. “Gaztearengan sinisten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu. Gaztea ahalduntzen saiatzen gara. Bere buruan sinisten lagundu. Autoestimua landu”. Gaztearen hurbileko testuinguruarekin, “familiarekin harreman estua dugu. Enfoke sistemikotik lantzen saiatzen gara. Gaztea erdigunean jartzen dugu”.

 

Informazio gehiagorako:
Atallu. Zanpiura, 3
943 360 465
lhi@usurbil.eus