Elhuyar Zientzia Azoka

Etorkizuneko belaunaldien zientzia proiektuen erakusleiho eta plaza, Elhuyarren azoka

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 7a, 12:22

Gipuzkoa mailako Elhuyar Zientzia Azokaren plaza izan zen Usurbilgoa larunbatean.

Nafarroako edota Lapurdiko zenbait hitzorduren ostean eta Euskal Herri mailakoaren atarian, Gipuzkoa mailako Elhuyar Zientzia Azoka egin zuten joan den larunbatean Usurbilgo frontoian. Antolatzaileek (Elhuyarreko eta udal ordezkariek) nahiz parte hartzaileek ateratako talde argazkiaren ondotik ireki zuten azoka.

Herrialde mailako hamaika ikastetxe batu zituen hitzorduak. 17 proiektu aurkeztu zituzten. Frontoian jarritako postuetan osteratxoa egin zutenei, azken hilabeteotan landutakoa aurkeztu zieten gazteok.

Zientzia plazaratu eta gu zientziara gerturatzea zuen helburu ekimen honek. Zubi-lana egin zutenak, 12-18 urte arteko gazteak izan ziren. Haiek landutako proiektuekin zientziari lotutako bizipenak sustatzea du xede Elhuyarretik bideraturiko ekimenak. "Elhuyar Zientzia Azokak gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea du helburu. Azpimarratzekoa da proiektuan zehar ikertzaileek duten parte-hartzea zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzeko, eta proiektu honekin izan duten konpromisoa", azaldu dute antolatzaileek.

Gipuzkoa mailako azoka honen ostean, Euskal Herrikoa egingo dute datorren maiatzaren 22tik 25era Bilbon.

Gipuzkoako Elhuyar Zientzia Azokan aurkezturiko proiektuak
-Udarregi ikastola: "ganbera iluna" (DBH2), "Usurbil energia-iturri" (DBH2), "burmuina eta hesteen arteko ardatza" (DBH2), "airearen kalitatea fitoarakatzen" (DBH3).
-Beasaingo La Salle: airearen kalitatea fitoarakatzen (DBH4), "edari energetikoak, miraria ote?" (DBH4).
-Lizardi BHI/ Zarautz: "Gazteen elikadura kontzientea eta jasangarria" (1. Batxilergoa).
-IES Zubiri-Manteo BHI / Donostia: "Kasiopea 3D" (1. Batxilergoa).
-Talaia BHI/Hondarribia: "Biodibertsitatea eta landare-itsutasuna" (DBH3), "Talaiako negutegiaren domotizazioa" (DBH4).
-Oriarte BHI/ Lasarte-Oria: "Bluetooth bidezko autoa" (DBH4).
-Txindoki BHI/Beasain: "Material birziklagarriak-Artilea" (DBH3).
-San Luis La Salle /Donostia: "LAT (Laguntza animalia taldea)" (DBH3).
-Urretxu Zumarraga ikastola/Urretxu-Zumarraga: "Beso domotikoa" (DBH4).
-Hernani BHI/Hernani: "Sugandilen behaketa" (DBH1).
-Zaragueta IPI/Orio: "Intsektuen hotela" (DBH1).