Otar-Goxo nagusitu zen II. Euskal Herriko Hanburgesa Onenaren Lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 6a, 08:00

Bertako Haragien Azokaren baitan, Euskal Herriko hanburgesa onenaren lehiaketa jokatu zen. Patxi Iparragirre harakinak Otar-Goxon ekoizten duena hanburgesa berritzaileen kategorian nagusitu zen.

Aurreko asteburuan Bertako Haragien Azoka ospatu zen Tolosan eta antolatzaileak pozik daude ekimenak izan duen harrerarekin. Euskal Herriko haragi mota ugariren erakusleiho izateaz gain, sektoreko ekoizle, harakin eta sukaldari ugari batu ziren Tolosan eta formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartu zituzten.

 

Hanburgesa onenak, Gasteizkoak eta Usurbilgoak

Azokaren baitan, II. Euskal Herriko Hanburgesa Onena lehiaketa jokatu zen eta 2024ko hanburgesa berritzaile onenak eta hanburgesa tradizionalik onenak eman zituzten ezagutzera. Usurbilgo Patxi Iparragirreren Otar-Goxo harategiak eta Gasteizko Beñat harategiak irabazi zituzten lehiaketetako bi txapelak, hurrenez hurren.

Partehartzea handia izan zen: 54 hautagai aritu ziren lehian: 29 gipuzkoar, 11 arabar eta 14 bizkaitar.

Hanburgesa Berritzaile Onenaren kategorian, bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren Tolosako Miren harategia eta Gasteizko Mari harategia, hurrenez hurren.

Hanburgesa Tradizionalik Onenaren kategorian bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren ekoizleak hauek izan ziren: Gasteizko Santi harategia eta Ibarrako Joxe Mari Barriola harategia, hurrenez hurren.

 

Aurreikuspenak beteta

Aitor Agirresarobe Murgi Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotzia pozik zen Azokaren amaieran, aurreikuspenak bete egin zirelako. “Bertako haragien ekoizpena jarri dugu erdigunean, inguruko ekoizleei balioa eman zaie eta gure haragiak gastronomikoki eskaintzen dituen aukerak ezagutzera emateko tartea izan da. Tolosaldea aniztasun horren erakusle da, eta aukera horietan sakontzeko ahaleginean jarraituko dugu. Erantzunarekin ere pozik gaude, jendetza ibili baita”. Salmentatik harago, harremanak sustatzea zen helburu nagusietako bat, “eta horretan sakontzen lagundu dugulakoan gaude”, zioen zinegotzi tolosarrak. “Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten ekoizle, harakin, sukaldari, musikari eta laguntzaileei”. Adierazpenok Bertako Haragien Azokako azken egunean egin zituen.