Andatza Eguna

Ohitura zaharra giro ederrean berritu dute Andatza tontorrean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 5a, 15:01

Andatza Egun jendetsua ospatu dute, ateri eutsi dion igande goiz honetan.

Maiatzeko lehen igandea gaurkoa, ohitura zaharrak berritzeko eguna. Andatza tontorrera igotzeko hautua egin dute hainbat herrikideek urtero igande honetan egin ohi duten moduan.

Asteburuetan ohikoa izaten da Andatzara mendi buelta oinez, lasterka edota bizikleta gainean egitera joaten direnak ikustea. Gaurko Andatza Egun honetan, ordea, nabarmen handitu da goizean goizetik, bisitari kopurua. Herri honetako mendian gora eta behera mendizaleak nonahi eta noiznahi aurki zitezkeen. Belaunaldi arteko topaketa izan da beste behin aurtengo edizioa ere, denen elkargunea.

Santueneko Ibai-Ondo elkarteak sukaldaturiko hamaiketako goxo askoa dastatu ahal izan dute babesleku pareraino igotakoek, trikiti doinu artean.

Egunotako giro nahasiaren ondotik eta gaur arratsalderako euritara jo duen arren, ateri eutsi dio igande goiz parte honetan.

Ondoko talde argazkia aterata borobildu dute askok Andatza tontorrean eginiko goizpasa.