Prezipitazio handiagatik abisu horia gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 5a, 10:04

Ekaitz giroa izan dezakegu datozen orduotan. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horia izango da indarrean igande arratsalde honetan, 15:00-21:00 artean.

Goizeko giro epelaren ondotik ekaitza lehertu daiteke daotzen orduotan. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi dutenez, abisu horian izango gara igande arratsalde honetan, maiatzaren 5ean, 15:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. Tarte horretan, "zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean. Zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra (1 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h)".

Usurbili dagokionean, gaur,  "arratsaldean zerua oso hodeitsu geratuko da. Egunaren bigarren partean zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak eta trumoitsuak. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; goizean hego-mendebaldetik finkatuko da, bolada gogor batzuekin mendebaldean; arratsaldean ipar/ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez".

Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, arratsalde-gau partean hodeiak gutxitzen joango dira. Zaparrada txikiak botako ditu, goizaldean baliteke zenbait tokitan ertainak izatea; gauean atertzera egingo du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren bigarren zatian. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak gutxi eta maximoak nabarmen".

Asteartean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, bereziki ekialdean. Euri txikia egingo du, batez ere eguerdi partean. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-mendebaldekoa finkatuko da; egunaren lehen partean bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.