Maiatzaren 5ean

Badator Andatza Eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 29a, 11:52

Maiatzeko lehen igandean, urte luzeetako ohitura berritzeko aukera izango da.

Ate joka dugu maiatzeko lehen igandea, eta harekin, Andatza Egun historikoa. Herri honetako mendi tontorrera igo, hamaiketatxoa dastatu eta urte luzeetako ohitura berrituko dute hainbat herrikideek. Aurtengoan ere, Zirimarak familia plana iragarri du. Andatzara igotzeko gonbita bikoitza beraz, hilaren 5ean.

"Usurbilgo herritar guztioi Andatzara igotzeko gonbita egin nahi dizuegu. Zirimarako familia planean edo, norbera, bere kaxa, nahi duen bide eta lagunekin. Behin Andatzara igotakoan, denok argazkia atera eta elkarrekin dantzatu edo salda eta pintxoa hartzeko aukera izango da. Giro ederra egongo da aurten Andatzan! Animatu!", egin dute gonbita antolatzaileek. Maiatzeko lehen igande honetan ospatuko da Andatza Eguna, hitzorduon bueltan:


Maiatzak 5, igandea
9:30
 San Estebango plazatik hasita Zirimararen familia plana. 
"Familia giroan, Andatzako igoerari emango diogu, ibilbidean zehar zenbait jolas eginez. Behin gora igota ere jolas batzuk egingo ditugu".
Goizean zehar, pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da Andatzako bordan.

12:30 Argazkia aterako dugu denok Andatzako bordaren parean.
Antolatzaileak: Ibai-ondo elkartea eta Zirimara.
Babesleak: Saizar Sagardotegia eta Usurbilgo Udala.