Liburuaren hilabetea

Yolanda Arrietaren “Gutunak birramonari” liburu aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 30a, 08:24

Etenik ez Sutegi udal liburutegian. Asteotarako hiru ekintza programatuak dituzte.

Liburuaren Hilabetea izendatu dute amaitzear dugun hau Sutegi udal liburutegiak eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Lehenik, irakur-jolas txokoa egin zuten hilaren 15ean. 

Iragan astearteko Liburuaren Egunean bertan, hilaren 23an, bestalde, Xabier Mendigurenen “Oso latza izan da” kronika liburu literarioari buruzko solasaldia egin zuten egilearekin berarekin. "Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea liburua komentatu genuen Xabier Mendiguren 
idazlearekin; berezia izan zen: interesgarria, eta hunkigarria. Gainera, gure artean izan ziren Joxeren familiako kide batzuk, eta bere gaztetako lagun bat", berri eman dute liburutegitik.

Ez da amaitu eta segida izango du asteotako dinamikak. Yolanda Arrietak "Gutunak birramonari" liburua aurkeztuko du astearte honetan, apirilaren 30ean gaztetxoen eta haien gurasoentzat, tailer formatuan. "Asak zortzi urte dauzka eta lau neba-arreba txiki. Bi edo hiru lekutan bizi izan da oraingo herrira etorri baino lehen. Zortzi urte egin zituenean, birramama hil zitzaion. Asak asko maite zuen. Orain, beste modu bat aurkitu du harekin hitz egiteko: gutunak", hortxe abiatzen da Arrietaren sorkuntza lan hau. Xehetasun gehiago gaurko aurkezpenean.

Liburuaren hilabetea
Apirilak 30, asteartea
18:00
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren “Gutunak birramonari” liburuaren aurkezpen-tailerra 8-10 urte arteko haurrentzat eta haien gurasoentzat.


Maiatzak 8, asteazkena
18:00
Irakurketa solasaldia LH6ko gaztetxoentzat, Yolanda Arrietaren eskutik. Mariasun Landaren “Galtzerdi suizida” liburua hartuko dute ahotan. Aleak eskuragarri liburutegian.

Maiatzak 15, asteazkena
19:00
Idoia Torregarai Martija herrikidearen “Mikroipuinak” liburuaren aurkezpena.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.