LH-koak Kirol Astean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 25a, 08:20

Pagazpe pilota elkarteak, Usurbil F.T.-k eta Usurbil Kirol Elkarteak Kirol Astea antolatu dute egunotarako. Hurrengo asterako txangoak Ziortza gazte elkarteak eta Gaztelekuak.

Opor giro betean dira ikasleak. Egunotan, ordea, izango dute zer eginik, hala nahi badute. Pagazpe pilota elkarteak, Usurbil F.T.-k eta Usurbil Kirol Elkarteak Kirol Astea antolatu dute gaurtik hasita, martxoaren 28ra arte, 6-12 urte arteko gaztetxoentzat. Izen-ematea itxita dute.

Herriko zenbait eragileek elkarlanean antolaturiko Kirol Astearen ondotik, oporraldi betean segitzen duten gaztetxoek aisialdi ekimen gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute hurrengo astean. Izan ere, batetik, Ziortza gazte elkarteak elkarbizitza txangoa iragarri du apirilaren 2tik 4ra. LH 5 eta 6 mailakoentzako iragarri dute ekimen hau Zarauzko Igerain aterpetxean. Bertan apuntatzeko epea itxita dago.

Bestalde, Gaztelekuak
ere bi ekintza antolatu ditu; bi txango Nafarroa aldera. Apirilaren 4rako, Irrisarriland Igantziko abentura parkera iragarritako txangoan parte hartu ahalko dute DBH 2 eta 3. mailetako gazteek. Biharamunean, ostiralean, apirilaren 5ean, beste irteera bat programatu dute. Kasu honetan, DBH 1ekoekin Arguedaseko Sendaviva natur parkera joango dira. Ekintza hauetan izen-emateko 688 713 838 telefono zenbakira deitu beharko da, aldez aurretik edota emaila idatzi gaztelekuausurbil@gmail.com helbidera.