"Udako" ordutegian, igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 27a, 08:09

Negutik uda parterako bidea egiten laguntzen duen ordu aldaketa izango dugu igande goizaldean.

Urteak daramate, urtean ordua bitan aldatzeko betebeharra desagertuko dela iragartzen. Eztabaida gaia izan da azken urteotan Europan. Gaurkoz, halere, ez dago auzi honi buruzko erabaki irmorik. Momentuz, beraz, ordutegia egokitzen segi beharko dugu urtero bi aldiz. Urria amaieran, "negu" garaira egokitzeko ordubete atzeratu beharko dira erlojuak (aldaketa bere kabuz egiten ez dutenek behintzat) eta orain, martxoko azken asteburuan "udako" ordutegia jarriko dugu indarrean.

Izan ere, martxoaren 31ko, hau da, igande goizaldeko 2:00etan 3:00ak izango dira. Ordubete "gutxiago" izango du gau horrek eta biharamunetik aurrera, "beranduago" ilunduko du.

"Udako" ordutegia izango dugu, beraz, laster indarrean, udaberrian sartu berri garen honetan. Martxoaren 20an, goizaldeko 4:06an eman zitzaion hasiera udaberri astronomikoari.  92 egun eta 18 ordu iraungo ditu urtaro honek, ekainaren 20ra arte hain zuzen.