Ohitura zaharrak berrituz, Arantzazura oinez ostegunean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 27a, 08:35

Hamarkada luzeetako ohitura berrituko dute ostegun honetan. Usurbildik Arantzazura oinez joango da herritar talde bat.

Urte luzeetako ohitura berrituko dute aurtengoan ere; Usurbildik tipi-tapa Arantzazuraino joatea martxoaren 28an. Hamarkada luzeetako usadio zaharrari eutsi dio belaunaldi artekotasuna ere sustatu duen hitzordu honek. Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute. Iaz, esaterako, ia 20 bat lagun erakarri zituen 63 kilometroko eta 2.700 metroko desnibela duen txangoak. Udaberri beteko giroa izan zuten bidelagun.

Federatzeko deia
Aurtengo irteera, ostegun honetarako, martxoaren 28rako iragarri dute. Izan ere, udaberriko jai egunok ere oraingoan goiztiarrago helduko zaizkigu. Goizaldeko 4:45 aldera biltzen dira frontoi atzean, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa utzi ahalko da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Ibilbide luzeko ohitura honek usurbildarrak soilik ez, besteak beste, Tolosaldeako hainbat kide elkartu izan ditu.

Informazio gehiago jaso nahi duenak deitu dezala 662 039 829 telefono zenbakira. Martxoaren 20a itxi zuten izen-ematea.
Aurtengoan, antolakuntzatik helarazi duten ohar garrantzitsua; parte hartzaileak federatuak izateak duen garrantzia, edozer gertatuta ere deitzaileak ez baitira horren erantzule egingo.