12. Dantza Eguna

Arte diziplina gehiagotara zabalduko den tranpaldo irekirako izen-ematea irekita

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 27a, 11:14

Laugarrenez, herriko edozein artistak oholtza berea izango du, nahi duen kultur adierazpidearen bidez bere sorkuntza lana datorren Dantza Egunean plazaratzeko. Izen-emateko epea zabaldu du Orbeldik.

Badator 12. Dantza Eguna! Apirilaren 27an dantzarien herria izango dugu Usurbil. Astebete lehenago, Dantzari Txikien Eguna iragarri du baita Orbeldik. Apirileko azken bi asteburuak, beraz, dantza batean joango zaizkigu udalerri honetan.

Aurrerapen gisa, datorren Dantza Egunean faltako ez den osagaietako bat tranpaldo irekia izango da. Laugarrenez, herriko dantza taldeak bere sormenerako gaitasuna herriarekin partekatu nahi dutenei oholtza eskaini nahi die; oraingoan, ordea, berrikuntza nabarmen batekin. Izan ere, aurreko edizioetan, dantzan oinarrituriko koreografiak eskaini zituztenek baino ezin zuten parte hartu ekimen honetan. Oraingo honetan, aldiz, "dantzatik haratago joan nahi du, eta kultur adierazpide guztientzako eszenatoki bilakatuko da. Dantzari, abeslari, musikari, antzezle... guztiontzat irekia dago Tranpaldoa! Bakarlari eta taldeentzat! Jakin oholtzak ez duela adin mugarik!", gogorarazi dute Orbelditik.

Ekimenean parte hartu nahi dutenentzako izen-emateko epea zabaldu dute. Segidan duzue, deialdi honen harira, antolatzaileek argitara eman duten oharra eta izen-emateko lotura.



Orbeldi Dantza Taldekoen oharra

Kaixo artista!

Dakizuen bezala Dantza Eguna badator eta bueltan da Tranpaldo Irekia! 

Hasiera batean, Tranpaldo Irekia Usurbilen apirilero egiten den Dantza Egun berezian herritarrok parte hartzeko sortu zen. Hau aukera paregabea izan da herriko dantzariek beraien sorkuntzaren bidez koreografia paregabeak asmatu, plazaratu eta disfrutatzeko. Ikuskizun ederrak izan dira eta asko eskertzen dugu parte hartze zabala.

Hala ere aurtengo IV. edizio honek dantzatik haratago joan nahi du, eta kultur adierazpide guztientzako eszenatoki bilakatuko da. Dantzari, abeslari, musikari, antzezle... guztiontzat irekia dago Tranpaldoz! Bakarlari eta taldeentzat! Jakin oholtzak ez duela adin mugarik!

Apirilaren 27an izango da, Usurbilgo Olanoeneako plazan eguerdiko 12 terdietan. 

Izen ematea apirilaren 20an itxiko da.

Izen emateko behean duzuen galdetegi laburra bete, eta edozein zalantza argitzeko idatzi helbide elektroniko honetara!

Atera ezazue barruan duzuen artista sena eta animatu zaitez oholtzara!


Hemen galdetegia: https://docs.google.com/forms/d/1GWOLHRPJYHhTE1BBfr45F3m5a70qX7NNyMQVesDkVik/viewform?edit_requested=true