Ziortzaren udako kanpaldirako aurre izen-emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 27a, 09:56

Uztailerako Peñaloscintosen (Errioxa) antolaturiko kanpaldian aurre izen-emateko epea ireki du Ziortza gazte elkarteak DBHko gazteentzat.

Udaberriko oporraldi betean dira haur eta gaztetxoak, haietako hainbatek parte hartuko dute egunotan Lehen Hezkuntzakoei zuzenduta Pagazpe pilota elkarteak, Usurbil F.T.-k eta Usurbil Kirol Elkarteak antolaturiko Kirol Astean, martxoaren 25etik 28ra. Hurrengo astean, Ziortza gazte elkarteak elkarbizitza txangoa iragarri du LH 5 eta 6 mailakoentzako apirilaren 2tik 4ra Zarauzko Igerain aterpetxean. Ekimenotan apuntatzeko epea itxita dago.

Bestalde, Gaztelekuak ere bi ekintza antolatu ditu; bi txango Nafarroa aldera. Apirilaren 4rako, Irrisarriland Igantziko abentura parkera iragarritako txangoan parte hartu ahalko dute DBH 2 eta 3. mailetako gazteek. Biharamunean, ostiralean, apirilaren 5ean, beste irteera bat programatu dute. Kasu honetan, DBH 1ekoekin Arguedaseko Sendaviva natur parkera joango dira. Ekintza hauetan izen-emateko 688 713 838 telefono zenbakira deitu beharko da, aldez aurretik edota emaila idatzi gaztelekuausurbil@gmail.com helbidera.

Udako kanpaldia
Hitzordu hauez gain, Ziortza bera udara begira da jada. "Uda antolatzen hasteko momentua iritsi da!", iragarri dute. Izan ere, uztailean Errioxako Peñaloscintosen antolatzen duen udako kanpaldirako aurre izen-emateko epea ireki duela jakinarazi du. Horretarako, apirilaren 7ra arteko denbora tartea finkatu dute. Segidan duzuen gazte elkarteko argazkiko QR kodearen bidez bideratu daiteke aurre izen-ematea. Ohartarazi dutenez, "aurrerago egin beharko da izen-emate ofiziala". Eta, adi, "soilik, galdetegi hau bete dutenek egin ahal izango dute".

Aurtengorako ere hiru txanda antolatu dituztela iragarri dute Ziortzakoek:
-Uztailak 4-13: DBH 3-4.
-Uztailak 13-20: DBH 2.
-Uztailak 20-27: DBH 1.