Zumetaren muralak 50 urte

"Zumetaren Usurbil" erakusketa, frontoi atzeko muralaren 50. urtemuga borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 09:28

Jose Luis Zumetak duela 50 urte sortutako frontoi atzeko muralaren harira, iaz hasitako urtemuga ekimenak azken txanpan dira. Berez, udazkenean borobildu behar zuten zikloari apirilean emango diote amaiera, "Zumetaren Usurbil" izeneko erakusketarekin; artista usurbildarraren eta bere sorterriaren arteko hartueman artistikoa aztergai izango du bere lanen bilduma bat ikusgai jarrita.

Xehetasunak agerraldi bidez aurkeztu dituzte sustatzaileek ostiral honetan; Zumeta Arte Estudioak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Gogoan izan, iaz, urte garai honetan, omentzen ari ziren frontoi atzeko muralaren sortze prozesua hizpide hartuta, hari buruzko erakusketa zabaldu zutela Sutegin. Berez, apirilaren 12an irekiko duten erakusketa ere orduko bilduma hartan txertatu asmo zutela adierazi du omenduaren alaba Usoa Zumetak. Baina "lehenengo erakusketa horrek dimentsio handia hartu zuen. Azkenean, ikerketa lan horrek obra asko eman zituen, oso aberatsa izan zen zentzu guztietan. Testura handiko erakusketa izan zen eta erabaki nuen bi erakusketa egitea". Aipatu moduan, bigarren hau, pasa den irailean irekitzea aurreikusia zuen, baina  "ikerketa luzatu da eta azkenean, egoki iruditu zaigu urteurren hau borobiltzeko orain egitea".

Bi astez Sutegiko aretoan ikusgai izango duzuen Zumetaren sortze lan bildumari buruz Usoak aurreratu duenez, "Usurbili erreferentzia egiten dioten artelanen bildumatxoa da". Askotariko lanak aurkitu ahal izango dira bertan. Adibide moduan aipatu ditu, Zumetaren ibilbide artistikoan sakontzeko aukera emango diguten hainbat lan; 1960. urtetik hasi eta 2018ra arteko sorkuntza lanak aurkituko baititugu Sutegin.

Erakusketarekin batera katalogoa
"Zumetaren Usurbil" artelan bilduman, aitzindariena, 1960koa, Usoak aurreratu bezala, beste artista herrikide baten, "Joxan Artzeren erretratoa izango da". Erretratuez gain, txorien maketak, kartelak, materialez zer hausnartua emango diguten beste hainbat pieza,... Bilduma hau erakusketan ikusgai jartzeaz gain, "katalogo batean" jasoko dela berri eman du Zumetak, "maketatze prozesuan dagoena, eta baita ere aukera ematen digu ere fokua jartzeko obra figuratiboan, gehiengoa figuratiboa baita".

"Sinbiosi sakon horretan sakondu nahi du erakusketak"
Usurbildarrentzat erakusketa berezia izango dela iragarri du Potxoeneko aurkezpenean, alkate Agurtzane Solaberrietak. "Askotan esan izan dut, ezin dugula ulertu Usurbil Zumetarik gabe. Seguru alderantziz ere ezingo litzatekela ulertu, binomio banaezin bat sortzen dutelako eta hor sinbiosi sakon bat" dagoelako. Alkatearen esanetan, "sinbiosi sakon horretan sakondu nahi du erakusketa honek, Zumetaren obra zabal eta handi horretan Usurbilek eta usurbildarrek izan duten tokia erakutsiko baitu. Horregatik, niretzat, Usurbilgo herriarentzat, ohorea, luxua da, Zumetaren Usurbil erakusketa osatzea, erakusketa horretaz gozatu ahal izatea". Erakusketa hau ireki ahal izateko Usoak aurrez eginiko ikerketa lanagatik eskertu nahi izan du, horrek ahalbidetuko baitu Sutegin bilduma hau bisitatu ahal izatea eta "herritik kanpora ere ere erakusketa horretaz gozatzeko aukera izatea".

Alkateak gogorazi moduan, honako hau izango da iaz frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren harira abiarazitako ekimenen zikloari amaiera emango dion hitzordua. "Horma-irudi hori arrazoi askorengatik Usurbilgo herriaren erakusleiho eta altxor nagusietako bat da, Usurbilgo irudirik ikoniko eta ikusgarrienetarikoa eta nahiko genuke horma-irudi horrek leku propioa izatea Euskal Herriko artelan esanguratsuenen artean".

Urtebeteko egitarau oparoa
Horregatik, zioenez, ez zuten muralaren urtemuga oharkabean pasatzerik nahi eta ekimen ziklo hau antolatzea erabaki zuten, eragile ezberdinen arteko lankidetzari esker; "batez ere, nagusiki nabarmendu nahi dut Zumeta Arte Estudioarekin izan dugun elkarlana".

Frontoi atzeko sorkuntza lanaren kontserbazio lanak, bere sorkuntza prozesua azaldutako erakusketa eta haren harira argitaratu zitzaien liburua, Oxkar Alegriak Zubietan herrikideekin ekoitzitako "Zumeta 23" film laburra eta Kulturguneak ondutako Xumetik herri jaialdia bideratu dituztela azken urtean ekarri du gogora alkateak. Horrez gain, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eta Chillida Lekuren artean, Zumetaren eta Chillidaren lanak ezagutzeko lankidetza ere sustatu dutela gaineratu du, zenbait bisita gidatu antolatuta. Zikloa, aipatu moduan, "Zumetaren Usurbil" erakusketak borobilduko du.


Bisita gidatuak erakusketara
Apirilaren 12tik 28ra Sutegin ikusgai izango den "Zumetaren Usurbil" erakusketara zenbait bisita gidatu antolatu ditu 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak; zehazkiago esanda, hilaren 14, 20 eta 28rako. Bestelako turismo eredu batean eragiten ari den proiektuko dinamizatzaile Ines Azpiazuk berri eman moduan, herriko kaleetako kultur sorkuntzan barrena bidaiatzea ahalbidetzen duen "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua egingo da lehenik egun horietan; tartean, lerrootan mintzagai dugun Zumetaren frontoi atzeko muralean geldialdia egingo da ohi bezala. Segidan, "erakusketara joango gara eta bertan Usoak azalduko digu erakusketa".

Aipatu hiru bisita hauez gain, martxoaren 31rako, "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatu berezia antolatu da. Izan ere, herriko kaleetako ibilbidea osatu ostean, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko aukera izango da.


"Zumetaren Usurbil" erakusketa
Martxoak 31, igandea
11:00
"Usurbil Museo Irekia" eta Zumeta Arte Estudiora bisita gidatua Sutegitik abiatuta.

Apirilak 12-28

Apirilak 12, ostirala: 18:00, "Zumetaren Usurbil" erakusketaren irekiera. Hortik aurrera, apirilaren 28ra arteko ordutegia:
Astelehenetan: 17:00-20:00.
Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00.
Larunbatak eta eta igandeak: 11:30-14:00 eta 17:00-20:00.

Apirilak 14, 20, 28
12:00 "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua Sutegik abiatuta.
Segidan, "Zumetaren Usurbil" Sutegiko erakusketara bisita.

Izen-ematea: 650usurbilbizi.eus
Antolatzailea: 650 Usurbil Bizi.