23. Korrika

[ZUZENEAN] Araba eta Bizkaia artean gaur 23. Korrika

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 11:14

Bi egunez Bizkaia zeharkatu ostean, tartetxo batean, Araban sartuko da berriz gaur 23. Korrika, baina Bizkaian segiko du. Bihar, Gipuzkoara itzuli eta Beterri Buruntza eskualde hau igaroko du berriz AEK-ren lasterketak.

Ekialdetik mendebaldera zeharkatu du Bizkaia azkeneko bi egunotan 23. Korrikak. Ostiral honetan, martxoaren 22an, berriz ere ekialderantz joko du euskararen aldeko lasterketak. Gauerdian, Abanto, Muskiz, Zalla edota Gordexola igarota, Araban sartu da tartetxo batez goizaldean; Artziniega edota Aiara zeharkatu ditu. Ostiral goiz honetan zehar, Urduña, Amurrio edota Laudiotik igaroko da. Gero, Bizkaiara itzuliko da; Ugao, Zeberio, Areatza, Igorre, Dima, Amorebieta-Etxano, Elorrio, Durango eta Mañariara helduko da 23. Korrika gauerdia baino lehen.

Beterri-Buruntzan bihar
Euskararen aldeko lasterketak geroz eta gertuago du helmuga. Igandean, egingo ditu azken metroak Baionan. Aurretik, larunbatean, hilaren 23an, Bizkaiatik tartetxo batean gauerdia pasata Araban muturra sartu eta Gipuzkoara itzuliko da berriz, Debagoienatik. Besteak beste, Arrasate edota Oñati zeharkatuko ditu. Eguna Korrika Zumarragan dela hasiko da esnatzen eta handik Goierrin barneratuko da. N1 errepidearen norabidea segiko du gero AEK-ren ekimenak; Idiazabal, Beasain, Ordizia, Alegia, Ibarra... eta gorantz, Beterri Buruntza eskualde honetara iritsiko da.

Usurbil eta Lasarte-Oria izan ezik, bailarako gainerako lau udalerriak lasterka bizian jarriko ditu arratsaldeko 16:00-19:00 artean; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga. Handik, hiriburura, Donostiara joko du gero eta bertan ia lau ordu igaroko ditu, Oarsoalderantz jo aurretik.

Zuzenean 24 orduz
Egunotan bezala, gogoan izan; euskararen aldeko lasterketa zuzenean jarraitu ahalko duzue 24 orduz, EITB-ren seinalearen bidez, albiste honi atxikia duzuen bideoan klikatuta.