Pelaioenea irekiko dute larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 22a, 08:40

Usurbilgo Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamendua bateratuko dituen Pelaioenea irekiko dute larunbatean, martxoaren 23an.

Atea irekitzeko ordua heldu da. Larunbatean, martxoaren 23an, irekiko dute Kalezarko Pelaioenea. Usurbilgo Emakumeen Etxea eta kalezartarrak biltzeko udal ekipamendua barne hartuko ditu. Irekiera herrikoia iragarri dute Udalak, Emakumeen Etxeak eta Belmonte auzo elkarteak; bertara joateko, herri erdigunetik abiatu eta batukadak girotuko duen kalejira aldez aurretik. 

Gogoan izan, 2020-21 urte artean, bakoitzak bere parte hartze prozesua egin zuen Elhuyar bidelagun zutela, "Pelaioenearen funtzionamenduari buruzko alderdiak elkarrekin erabakitzeko. Pelaioeneko obrak amaitzear, berriz elkartu dira, orduan hitz egindakoak gogorarazi eta xehetasunak adostuta uzteko".

Bertan kokatuko du Udalak baita Berdintasun Sailaren egoitza, eta, beraz, "han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere. Ondo bidean, Aste Santuen ostean izango da hori", Udaletik iragarri dutenez. 

Asanblada
Emakumeen Etxeari dagokionean, pasa den Martxoaren 8a bigarren asanblada antolatzeko baliatu zuen bertako talde sustatzaileak. "Helburua izango da Emakumeon Etxearen funtzionamendua zein izango den gogoraraztea, osatzen ari diren programazioa partekatzea eta ideia berriak jasotzea, eta, azkenik, martxoaren 23ko irekiera prestatzea", aurreratu zuten bileraren atarian deitzaileek.

Atzerapena
Aurreikusi baino urtebete beranduago irekiko dute Emakumeen Etxearen egoitza. Berriki, Usurbilgo Udalak azaldu zuenez, "Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatuko dute, azkenean. Udalak enpresari jakinarazia dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola".


Martxoak 23, larunbata
12:00 Batukadarekin kalejiran Kalezarrera, Mikel Laboa plazatik abiatuta. 
12:30 Irekiera herrikoia.

Antolatzaileak: Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Emakumeen Etxea eta Usurbilgo Udala.