Greba eguna gaur Euskotrenen eta Lurraldebusen

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 19a, 07:46

Azkenaldi luzean ugaritu diren langileen aurkako erasoak salatzeko greba eguna deitu dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta CGT-ESK sindikatuek astearte honetarako, martxoaren 19rako.

Garraio zerbitzu publikoetako langileen aurkako eraso fisikoak nahiz ahozkoak ugaritu egin dira azkenaldi luzean. Errepikakorrak diren egoeron aurrean, grebara deitu zituzten berriki Bizkaibuseko 1.300 langile baino gehiago astearte honetarako, martxoaren 19rako. "Langileek urteak daramatzate salatzen eraso fisikoen gorakada, irainen normalizazioa, errespetu faltak. Langileek zerbitzua ustiatzen duten enpresei eskatzen diete euren segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzatela. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote gaiari buruz hitz egin dezala", salatu dute sindikatuek.

Azken egunotan, greba deialdi honekin bat egin dute baita Euskotreneko eta Lurraldebuseko langileek. Izan ere, zerbitzuotan ere errealitate hau hurbiletik pairatzen ari dira. Ondorioz, gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte gaurko, martxoaren 19rako.

Euskotren
Iragan astean sektore publikoan deitutako greba egunerako gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu Euskotrenek, astearte honetan, martxoaren 19an ere. Orduero izango da tren zerbitzua, 6:24-22:24 artean Usurbildik Donostiarantz (22:54an azken zerbitzua) eta 6:04-22:04 Usurbildik Oriorantz. Informazio gehiagorako:
euskotren.eus
944 333 333


Lurraldebus
Gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu baita Lurraldebusek astearteko greba egunerako, kasu honetan ere duela astebetekoak. Zumaia Donostiarekin lotzen duen UK09 zerbitzuan, esaterako, Donostiarantz zerbitzuok eskainiko dituela iragarri du: 8:10ean, 9:15ean, 13:15ean, 13:45ean, 19:15ean eta 20:15ean. Usurbildik Aginagarantz, 7:15ean, 9:15ean, 10:15ean, 14:15ean, 14:45ean, 19:15ean, 20:15ean eta 21:45ean. Informazio gehiago:
lurraldebus.eus 
900 300 340