Zubietako erraustegia

GuraSOSen agerraldia gaur Nafarroako parlamentuan

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 15a, 07:12

Zubietako erraustegitik Artaxoako konpostatze plantara garraiaturiko lixibiatuen auziaren harira agerraldia egingo du GuraSOSek ostiral honetan, martxoaren 15ean, Nafarroako parlamentuan. 

Nafarroako parlamentuko hamaika hitzorduren artean, bada bat lerrootara ekartzeko zergatirik. Izan ere, ostiral goiz honetan, martxoaren 15ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bilduko da. Hedabideek ere bertaratzeko aukera izango duten lan-saiora GuraSOS elkarteko ordezkaritza bat gonbidatu dute.

Iragan urte amaieran jakin zenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoako konpostatze planta batera garraiaturiko lixibiatuei buruzko auzia izango dute hizpide goizeko 9:30ean hasiko den parlamentuko bilkura horretan.

Lan saio honetara gonbidatu dituzte GuraSOS elkarteko ordezkariak aipatu moduan, "haien iritzia eman dezaten Gipuzkoatik Artaxoara bidalitako lixibiatuei buruz".


Asensiori galderak
Ostiral honetako Nafarroako parlamentuko bilkuraren ostean, gai hau bera hizpide izango dute baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Izan ere, datorren asteazkenerako, martxoaren 20rako, osoko bilkura deitua dute. Bilkura honetako gai-zerrendako puntuetan azkenekoa, hamargarrena, gai honi buruzkoa izango da. "Jasangarritasun Departamentuko foru-diputatuari" zuzenduriko galderak egingo dizkio Euskal Herria Bildu batzarkide taldeko kide Luix Barinagarrementeriak. Saio horretan bertan "ahoz erantzuteko galderak" izango direla iragarri dute Batzar Nagusien webgunetik.

Gogoan izan, bestalde, gauzatzeke dagoela Gipuzkoako Batzar Nagusietan gai honi buruz EHBilduk eginiko agerraldi eskaera bat. Otsailaren 16an erakunde honetako Jasangarritasun Batzordeak, Nafarroako gobernuko landa garapeneko eta ingurumeneko kontseilari Jose Maria Aierdiri Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako hondakinei buruzko azalpenak emateko eskaera egitea onartu zuten, EHBildu, Elkarrekin Gipuzkoa eta PPren aldeko botoekin. Abstenitu egin ziren, aldiz, EAJ eta PSE-ko ordezkariak.


Kode okerra, plantaren itxiera...
Agerraldi guztiok Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoako konpostatze plantara garraiaturiko lixiabiatuen auziari lotuak daude.

Urte amaieran Euskal Herria Bilduko parlamentarien galdera baten harira, Nafarroako Gobernuak baieztatu zuenez, Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoa udalerrian kokaturiko Ecofert Sansoain SM enpresara hondakinak garraiatu dituzte bertan kudeatzeko eta hondakinok "kode okerra" zutela zioen Jose Maria Aierdik (Geroa Bai) gobernu horretako ingurumen kontseilariak. Zubietako erraustegian kode horretako hondakinak ekoizteko baimenik ez zuela zioen. Hondakinon jatorri eta ezaugarriak aztertzeko espedientea ere zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak. 

Urte hasieran jakin zenez, Zubietako erraustegiko hondakin lixibiatuak jasotzen aritu den Artaxoako enpresa hau kautelaz itxi egin zuen Nafarroako Gobernuko ingurumen sailak.


Hondakinen "jatorria eta ezaugarriak" identifikatzeko ikerketa
GuraSOSek larritzat jo zuen abenduan Nafarroako Gobernuko ordezkariak esandakoak azaleraturiko egoera, "ez soilik ilegaltasunagatik, datuak ezkutatzeagatik eta iruzurragatik, baizik eta ingurumenaren eta pertsonen osasunean eragin dezakeen arriskuagatik, kontuan hartuz Artaxoako lantegira mugitu diren hondakinak nekazaritzarako lurrak eta landareak abonatzeko erabiltzen direla. Bestalde, lantegiak ez du baimenik ezta teknikoki prestakuntzarik ere erraustegiko hondakinak tratatzeko".

Aipatu elkartetik gaineratu zutenez, "erantzunean, sailburuak ez du argitu Ecofertera bidalitako lixibiatuek arrisku maila duten edo ez, baina jakinarazten du “Ingurumen Ikuskaritza Saila espedientea osatzen ari dela”  “jatorria eta ezaugarriak” argitzeko". Ikerketa horretara batu zen antza Guardia Zibila.

GuraSOSetik gogorarazi zuen Donostiako epaitegi bat nola ikertzen ari den, udazkenean elkarteak berak jakinarazi zuen moduan, Jose Ignacio Asensio jasangarritasun arloko foru diputatua.

"Nafarroako Gobernuaren eta Donostiako epaitegiaren ikerketa-lanak Eusko Jaurlaritzaren aldetik ikertzeko asmorik ezarekin kontrastatzen dute, esku hartu beharko luketen datuak ageri direnean".


"Dokumentazioaren faltsutzea baieztatzen da"
GuraSOSen arabera, elkarte honek "Fiskaltzari eskainitako datuak eta horien aurka egindako salaketak erabat ziurtatu egiten ditu. Dokumentazioaren faltsutzea baieztatzen da, Nafarroako Gobernuko sailburuak “erabilpen oker” gisa definitzen  du hondakinen kodearen identifikazioa. Eta faltsutzearen eragingarria argitzen da. Artaxoako instalazioa ez dago baimendua erraustegietatik eratorritako hondakinak jasotzeko, izan hondakin likidoak edo lodoak. Horregatik, identifikatu ziren modu okerrean, [Ecobert]-ek ardura hartu ahal izateko, debekuaren gainetik. Gainera, Sailburuaren erantzunak baieztatzen du erraustegiak ez duela baimenik era honetako hondakinak sortzeko".

Egoera honetan, GuraSOSetik ziotenez, "honek azalpenak eskatzen dituen zalantza kezkagarria planteatzen du. Erraustegiak ez badu Eusko Jaurlaritzako baimenik hondakin hori sortzeko, nola liteke Eusko Jaurlaritzak garraiatze hori  baimentzea beste erkidego batera eta, gainera, nekazal ongarri gisa erabilia izateko? Zein da ezartzen duen benetako kontrola?".

Jose Ignacio Asensio GHKren lehendari eta jasangarritasun alorreko foru diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldia ekarri zuen gogora GuraSOSek. "Duela gutxi Foru Aldundiko diputatua Batzar Nagusietan agertu zen gertaera hauek ukatzeko, era berean erraustegiko arduradun teknikoei bere babes guztia azalduaz. Faltsutzea frogatuta, bada garaia ardura politikoak eskatzekoa,  beste erakunde batzuei ziria sartzeagatik eta gezurra esateagatik: Nafarroako Gobernuari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei".