Landaola sariak

Landa garapeneko proiektuei gorazarre

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 14a, 12:39

Landaola Sariak banatzeko ekitaldia egin dute ostegun eguerdi honetan Sutegin.

 

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioa da. Federazio horretako kideen artean da, Donostialdea eta Bidasoako udalerriak ordezkatzen dituen Behemendi. Behemendiko kide da Usurbilgo udalerria. Gipuzkoako eskualdeen landa garapenaren alde lan egiten duten elkarteon federazioak urteroko sariketa egin du ostegun eguerdi honetan, aurtengoan Sutegiko auditorioan. 

Landaola sarien bidez, landa garapeneko proiektuak aitortzen dituzte lau alorretan. "Erakunde publiko eta pribatuen atalean, tokiko administrazioak eta persona fisikoak zein juridikoak landa eremuaren iraunkortasuna sustatu eta bermatzeko helburuarekin egindako proposamen edo ahaleginei onarpen pertsonal eta publiko bat eman nahi zaie. Landa eremuko emakumeak atalean, emakumeak lehen sektorean eta landa eremuan eginiko lanen eta ekarpenen aitortza egin nahi da. Ibilbidea atalean, urteetako lanari esker, lehen sektorearen alde eta landa eremuari eginiko ekarpenak aintzat hartu eta aitortzea bilatzen du".

Segidan dituzue aurtengo sarituei buruzko xehetasunak. Hautagaiekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera bildu dira ostegun eguerdi honetan Sutegin. Tartean ziren Usurbilgo udal gobernu taldeko kideak ere. Hain zuzen, Usurbilgo Udala bera sarietako bat jasotzeko hautagaien artean zegoen.



Sarituak
-Erakunde pribatuen atalean: Makatza baserria.
Gurasoek urteetan eginiko lanari segida emateagatik saritu dute Legazpiko Makatza baserriko Agurtzane Gabiria. "Familia ondareari segika, gurasoek urteetan baserrian egindako lanari jarraipena eman diote Agurtzanek eta Aitorrek Legazpiko Makatza baserrian. Jasangarritasun-printzipioak gidatuta eta zuzeneko salmentan eta kalitatezko produktuen ekoizpenean oinarrituta, familiako nekazaritza praktikatzen dute. Euren Idiazabal jatorri izendapena duen artzain gazta, ogia, magdalenak edota errezil sagarraren gozoa dira horren isla". 



-Erakunde publikoaren atalean (hautagaien artean zen Usurbilgo Udala): Bergarako Udala, Oxirondo azokan Elika Enea sortzeagatik.
Bergarako Udalaren kasuan, "Bertarako Oxirondo azoka biziberritzea du helburu egitasmo honek. Azokaren beheko solairuan eremu zabal bat hartuko du eta, besteak beste, sukalde komunikazioa eta bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko denda bat egongo dira. Elikaduraren subiranotasuna, ordutegi malguak, kalitatezko elikagaiak, sentsibilizazio jarduerak eta jantokietarako hornidura ardatz dituen "azoka garaikidea" sustatu nahi du Elika Eneak".



-Landa eremuko emakumeen saria: Hitzez elkartea.
Landa eremuko emakumeen saria Hitzez baserriko emakumeen elkarteari eman diote. "Hitzez elkartea, baserriko emakumeen osasuna hobetzeko asmoz sortua da, formakuntza, hizketa eta erreflexiorako esparru propioak antolatuz".



-Urteetako ibilbidearen saria: Eli Arrillaga.
Azkenik, urteetako ibilbidearen saria Zarauzko Eli Arrillaga artzainari eman diote. "Artzaintzatik bizitzea ez zen aukera bat izan, halabeharrez hasi zen. Pertsona bat ezagutu eta harekin bizitzen jartzea izan zen hartu zuen erabakia. Artzaina zuen orduko bikotea. Poliki-poliki artzaintzak harrapatu egin zuen".