Buztinarekin jolasean, lantzen, sortzen

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 4a, 11:06

Buztina jolasteko eta sorkuntzarako tresna gisa baliatu dute ostiral honetan Santueneko ludotekan egindako tailer jendetsuan.

Kontzentratuta, begirada mahaitik mugitu gabe eta eskuekin lanean gogotsu. Hala aurkitu genituen ostiral arratsaldean, Santueneko ludotekan bildu ziren ondoko irudiko gaztetxoak. Auzo elkartetik buztinarekin jolasean aritzeko saioa antolatua zuten; bigarrena, astebeteko tartean. Izan ere, duela bi asterako zuten iragarria lehenengo hitzordua. Baina izandako eskari kopurua aintzakotzat hartuta, azkenean, estreinako saioa astebete atzeratu eta bat ez, bi ekitaldi antolatzea erabaki zuten.

Ostiral honetakoa, maiatzaren 3koa, aipatu moduan, bigarrena izan da, eta bistan duzuen moduan, jendetsua. Buztinarekin jolasean, lantzen, eta etenik gabe sortzen aritu ziren. Egindakoa gero etxeratzeko aukera izan zuten.

Akatsak zuzentzen
Atari honen bidez, auzo elkarteak maiatzaren 18rako sendabelarrei buruzko tailerra antolatua zuela iragarri dugu egunotan. Bi saio izango zirela, goizez Txokoalden, arratsaldez Santuenean. Santuenekoa ordea, ez da egingo. Akats bat tarteko iragarri da auzo honetan sendabelarrei buruzko tailerra egingo dela hilaren 18an, bai Udalaren kultur agendan baita atari honetan bertan ere.

Santuenea elkarteak ez du sendabelarrei buruzko tailerrik antolatu, ordea, maiatzaren 18rako. Bai, aldiz, Txokoaldeko Txokoargi kultur taldeak. “Sendabelarrak ezagutu eta bildu” izeneko tailerra antolatua zuen apirilaren 20rako, baina hilabete atzeratzea erabaki dute, maiatzaren 18ra arte hain zuzen. Maiatzeko hirugarren larunbatean, 10:00-12:00 artean egingo da saioa, aipatu elkartearen egoitzatik abiatuta eta Leire Lazkanok gidatuta. Saioan 12 lagunentzako tokia egongo dela ohartarazi dute. Izena aurrez eman beharko da 619 591 849 telefono zenbakian; 17:00-19:00 artean deitu. Prezioa: 10 euro.