Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Herrian txertatzen den aldizkaria

HERRITAR GUZTIEK EZAGUTZEN DUTE NOAUA! ALDIZKARIA, ETA 10ETIK 8K IRAKURTZEN DUTE

Aldizkariak herritarren artean notoridade handia lortu du eta ia guztiek ezagutzen dute. Doaneko zabalpenak horretan asko laguntzen du. Ezagutzeaz gainera, asko edo gutxi, zerbait irakurtzen duten herritarren ehunekoa ikaragarri altua da. Datu hauek Siadecok bildu ditu azterketa soziolinguistikoari buruzko txostenean.

  • Aldizkaria irakurtzen dutenak zertxobait gehiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino.
  • Adinari jarraiki, euskarazko alfabetatze maila eta Noaua!ren irakurketaren artean badagoela lotura bat ikus daiteke. 16-44 urte arteko herritarrek, 45 urtetik gorakoek baino gehiago irakurtzen dute aldizkaria. Aipagarria da ahoz erdararako joera handia dagoen 25-44 urte arteko biztanleria multzoan, 10etik 9 direla Noaua! asko edo gutxi irakurtzen dutenak. Euskararen sentsibilizaziorako adin tarte horretako herritarrengana iritsi daitekeen medio bat dela erakusten du horrek.
  • Hizkuntzaren ezagupenaren arabera, euskaldunen artean irakurtzen da gehien baina erdaldunen eta batez ere ia euskaldunen artera iristen den aldizkaria da. Horrek adierazten du informazio lokalak baduela indar eta interes bat herritar guztien aldetik eta hizkuntzaren normalizaziorako ere, hizkuntza tipologia desberdineko herritarrengana iritsi eta haiek euskararen mundura erakartzeko Usurbilek egun duen baliabiderik eraginkorrenetako bat izan daitekeela Noaua! herri aldizkaria.

Bi multzo handitan banatzen dira herritar gehienak, herritarren heren bat pasatxok ordu erdi bat baino gutxiago eskaintzen baitio aldizkaria irakurtzeari, eta ia beste hainbestek 30-60 minutu artean. 10etik 1ek ordu bete baino gehiago eskaintzen dio.Bataz beste, beraz, herritar gehienek (%71) aldizkariaren ale bakoitzari eskainitako denbora ordu erdikoa da.

ANALISIA Informazio lokalaren indarra Herritarrek egindakoa edota herrian gertatutakoa notizia bilakatzen du Noaua! herri aldizkariak eta gertutasun horrek badu oraindik ere indar bat zorionez. Gertuko kontuak, gertukoak direlako edo gertuko batek kontatzen dituelako interesgarriak dira eta egungo ofizio eta afizioek urrutira begira jartzen gaituzte askotan. Informazio lokaleko hedabide baten bizitasunak, herritarren biziarekin eta bizimoduarekin hedabide horrek lortzen duen loturarekin zerikusi handia du. Idatzizko komunikaziorako bide bat zabaldu du Noaua!k eta komunikazio hori intentsitate handiagokoa izatea da erronka orain. Usurbilgo herri bizitza indarberritzeko potentzial bat badu eta horretarako herritar guztiak aldizkariaren bitartez “protagonista” sentitzeko bidea eginez jarraitu beharko da: auzo desberdinek, edadeko, heldu eta gazteek, erdal eta euskal hiztunek,…

Datu eta portzentajeek adierazten dutenez Noaua!ri egin diogu tokia gure etxeetan eta hori emaitza bikaina da. Egia da ate joka bera etorri zaigula eta merkatura diruz ordaintzera joan behar izan bagenu emaitzak bestelakoak izango zirela.

Entretenimendurako, ezagupenerako nahiz informaziorako interesgarria den guztiak izan behar du tokia aldizkarian. Ikuspegi objektibo eta zientifiko batetik egindako lanaren emaitzak aurkezteko bezala erabili behar da joera eta ideologia politikoen sinismenetatik egiten diren balorazioak plazaratzeko ere. Guztientzako tokia egitea da lehendabiziko lana eta bakoitzari dagokion tokia ongi erabiltzea hurrengoa. Oreka bati eusteko ahalegina zaila baina ezinbestean egin beharrekoa izango da. Lortuko al dugu erdaldunak euskarara erakartzea eta euskaldunok euskara modu koherentean maitatzea?

Juanjo Allur, Siadeco

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.