Elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Arruti Bengoetxea 2024ko mar. 1a, 08:41

Nola irudikatzen zenuen zure bizitza orain dela 10 urte? Ni ozta-ozta adinez nagusia nintzen. Ustez, heldutasunerantz lehen atearen heldulekuari tiratzen hasitakoa. Unibertsitate ikasketak aukeratu berri eta lehen ikasturteari ekinda nengoen ordurako. Dagoeneko, esaten hasiak ziren Energia Berriztagarrien alorrean nahikoa lan izango genuela. Eta gizartearen logikarekin bat zetorren erabaki ziurra zela sinetsarazi nahi izan ziguten edo akaso, nintzen. Argiako BTN bideopodkasten duela gutxi zioten bezala, ustezko promesak ginen bakoitza bere testuinguruan.

Baina guganako izendapen edo irakurketa gehienek, berarekin dakartzate espektatibak. Norberarenak ere bai, noski, baina batez ere inguruan sortu eta kasik aipatu ere egin gabe su txikian erregosten eta elikatzen direnak. Hala nola, egunean egunekoari erantzunez bidean aurrera egiten diharduzun bitartean, ingurukoek zugan proiektatzen dituzten nahi horiek denak hortxe daude. Eta batzuetan, esleitzen zaigun ustezko arrakastarako potentzialitate horri lotuta, aurkitu daiteke exijentziaren zama handi bat ere.

Alazne Arruti

"Jakintzak eta esperientziak ingurukoekin partekatu eta konfiantzazko sareak sortzeko aukera ugari ditugula erakutsi dit denborak"

Aitortu beharra dut, nire kasuan, presio edo bideratze saiakera hori, hasieran nabarmendu nuela batez ere. Zertarako egin Ingurumen Zientzien Gradua, Ingeniaritza batek ate gehiago zabalduko badizkizu? Hobe zientzia ikasketak aukeratu, aurrerago ere idazketa eta marrazketarako “pasioak” garatzeko aukera izango duzu edozein unetan ere... Eta tira, egindako bidea erabaki propioz hautatuagatik, tarteka saiatzen naiz irudikatzen nire beste ibilbide posible horien nolakotasuna. Baina gaurko puntua, ez da hori ordea.

Egun, sinesten dudan proiektu ezberdinetan hartzen dut parte. Lanean, herrian, lagunartean... Prozesu kolektiboen eta inguruko komunitateen egituratzean sinesten dut. Eta honaino nola heldu naizen oso argi ez dudan arren, ekimen horiengan ari naiz jartzen nire energiaren zati handi bat. Hasiera batean, nire burua instalazio handiak egin eta ahalik eta energia berriztagarri gehiena sortzeko helburua duten enpresaren batean irudikatuagatik, egun, nire esfortzuak gizartearen eraldaketarako baliatu ditzakedala ikasi dut. Jakintzak eta esperientziak ingurukoekin partekatu eta konfiantzazko sareak sortzeko aukera ugari ditugula erakutsi dit denborak. Bizitza bizigarriak eta jasangarriak eraikitzekotan, elkarrekin eta elkarrentzat jardun behar dugula batera, ahalik eta espazio eta pertsona anitzekin inguratuaz. Eta pentsatu nahi dut, nahiz eta bidea beste norantza batean hartu izan, antzerako egoera batean egongo nintzatekeela noizbait ere.