Pelaioenearen irekiera

"Gure esku dago bizirik mantentzea eta erreferentziazko espazio batean bihurtzea"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 17:22

Usurbilgo Emakumeen Etxea barne hartuko duen Kalezarko Pelaioenea ireki dute larunbat honetan. Aipatu bilguneko talde sustatzaileak orain arte jorratu duten prozesua goraipatu eta hemendik aurrerako pausoei erreparatu die.

Pozarren agertu dira Usurbilgo Emakumeen Etxeko talde sustatzaileko ordezkariak, ibilbide luzearen ostean, larunbat honetako Kalezarko Pelaioenearen irekiera ekitaldian. "Inaugurazio eguna ez zela inoiz iritsiko zirudien", adierazi du Maria Fernandezek. Izan ere, oroitu duenez, "gaurko ospakizunaren atzean prozesu luze bat dago, lan handia eta ilusio pila".

Ibilbide horren nondik norakoak ekarri nahi izan ditu gogora. "Hasiera nahiko abstraktua eta difusoa izan zen. Galdera asko zeuden airean: zer da Emakumeen Etxe bat? Zertarako Usurbilen? Zeinentzat izango da?". Covid19ak eragindako osasun krisialdi betean abiatu zuten prozesua. "Lehenengo bilerak amets egiteko garaia izan ziren. Ideiak eta desioak partekatu genituen irudimen ariketa bat eginez eta aukera izan genuen etorkizun argi, aske eta koloretsu bat irudikatzeko".

Hasieratik argi zuten baliatu beharreko aukera zela honako hau, nahiz une zailak bizi izan dituzten, "batez ere konturatu ginenean obrak atzeratuko zirela eta lehenengo asanblada egin ondoren, pasa den urteko martxoan, ezingo genuela Emakumeon Etxea inauguratu. Gogorra izan zen bai, baina bestalde, hilabete hauek ez dira alferrikakoak izan. Hilabete hauetan gauza on asko irabazi ditugu. Jarraitu dugu ikasten, gure etxeari forma ematen eta bereziki, aukera izan dugu taldea kontsolidatzeko, lanean ziurtasun handiagoz aritzeko eta gure arteko konplizitateari duen garrantzia aitortzeko". 

"Sare bat ere josten hasi gara"
Ibilbide honetan zehar, "bileretan eta herrian egindako ekintza desberdinetan nabarmen geratu da, emakume usurbildar izateko modu asko daudela. Hala eta guztiz ere, kontziente gara oraindik falta zaigula aniztasun hori guztia biltzea. Ez da nahikoa, aniztasun hitza erabiltzea. Emakumeon Etxea denon etxea izango bada, estrategiak landu behar ditugu; adibidez, usurbildar berriez edota Kalezartik hurbil bizi ez direnek ere Emakumeon Etxea haiena dela sentitzeko eta parte hartzera animatzeko. Sare bat ere josten hasi gara, beste Emakumeen Etxeetara joan gara, eredu desberdinak ezagutzera. Errenteria, Hernani eta Astigarragako lagunek mimo handiarekin hartu gintuzten eta beraiekin pista asko jaso genituen aurrera jarraitzeko. Eskerrik asko denei", adierazi die Fernandezek.

Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua oso lagungarritzat jo du Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak eta, horrekin batera, "udaletxearen aldetik konfiantza osoa izan dugu. Ez da ohikoa halako erakunde bat izatea, entzuteko prest dagoena, baliabideak jartzen dituena eta lehentasunak guk feministok bezala ulertzen dituena: zaintzaren zentraltasuna, aniztasunaren garrantzia...".

"Orain hasiko da abentura"
Aurrera begira, "espero dugu sarea indartzea eta geroz eta zabalagoa izatea. Etxe fisikoa eraikitzea oso garrantzitsua zen bai eta orain aterpe zoragarri bat dugu; polita, modernoa, zorionekoak gu. Baina ezin dugu ahaztu, benetan ezinbestekoak direnak gu denok garela; guk, zuek, etxekideok eta eraikin honen inguruan zabalduko diren dinamikak, sortuko diren harremanak eta eztabaidak, hasiko diren proiektuak. Beraz, bidea ez da orain bukatzen, kontrakoa, orain hasiko da abentura. Gure esku dago, bizirik mantentzea eta erreferentziazko espazio bat bihurtzea".