Pelaioenearen irekiera

"Zabaldu ditu etxeak ateak, hurbildu zaitezte zuen etxera eta gozatu"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 16:56

"Zabaldu ditu etxeak ateak, hurbildu zaitezte beraz, zuen etxera eta gozatu", hortxe Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak gaurko Pelaioenearen irekiera ekitaldian egindako gonbita. 

Aurrerantzean, Pelaioenea ireki berrian elkarbiziko diren bi egitasmoak goraipatu ditu Usurbilgo alkateak. Batetik, adierazi duenez, "nahiko nuke Pelaioenea Kalezar bizigarriago eta komunitate biziago bat eraikitzeko bilgune, aterpe edota sukalde izatea, eta nahiko nuke, halaber, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean gogoeta egiteko, esperientziak eta konplizitateak elkar trukatzeko, pentsamendua ekoizteko edota kolektiboki aurrera egiteko elkargunea izatea. Usurbilgo emakumeentzat erreferentziazkoa izango den espazio bat izatea nahiko genuke".

Emakumeen Etxeari dagokionean hain zuzen, laster, bertara leku aldatuko du Udalak berdintasun eta aniztasun saila. "Emakumeei eta herritarrei zuzeneko arreta bermatzea da helburua eta baita ere etxea bera dinamizatzea". Astelehenetik ostiralera goizez zabalik jardungo du lanean alor horretako teknikariak, baita astean bitan arratsalde partean ere. Halere, alkateak argitu nahi izan duenez, "ez dugu nahi ordea, hau topagune huts bat izatea. Sareak sortzeko, aholkularitza jasotzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizkidetza sustatzeko, emakumeen ahalduntzea, parte hartzea, presentzia eta ikusgarritasuna lantzeko gunea izatea nahi dugu. Eztabaida, hausnarketa eta aldaketak ikuspegi feministatik pizteko gunea izatea nahi dugu. Bokazio horrekin landu dugu hain justu, apiriletik aurrera martxan jarriko den programazioa: aholkularitza zerbitzuak, ahalduntze eskolak, kultur ekitaldiak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak...".  


Ia urtebeteko atzerapena
Biziki eskertu nahi izan ditu, gorabeheratsua izan eta aurreikusi baino gehiago luzatu den egitasmo hau gauzatzeko bidelagun izan dituenak. Izan ere, "oztopo batzuk izan baititu gure lasterketa partikular honek", amaitzear den Korrikarekin egin nahi izan duen alderaketa baliatuta. Lehenbizi, covid19ak eragindako osasun krisialdia; 2020ko martxotik irailera atzeratu behar izan zuten Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua.

Bigarren oztopoa, obren iraupena. "Iazko maiatzerako behar zuten amaituta lanek baina obra honen ardura izan duen enpresa eraikitzaileak erakutsitako jarrera eskasak eta egindako kudeaketa tamalgarriak ia urtebeteko atzerapena eragin dute. Jabetzen naiz atzerapen horrek proiektu sozialetan eragin zezakeenaz, hala nola, proiektuekiko ilusioa galtzea, aspertzea edota atxikimendua kentzea eragin zezakeen. Haatik, ez da halakorik gertatu eta, horregatik, bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet hasieratik proiektu hau sustatzen, sostengatzen eta eusten aritu diren, aritu zareten auzotarrei eta Emakumeen Etxeko talde sustatzaileari. Ez duzue utzi hasierako ilusioaren sugar hori itzal zedin eta zuen konpromisoak egin du posible gaurko eguna. Beraz, milesker eta bejondeizuela benetan", eskertu die.


Eskertza bidelagunei
Pelaioeneak duen itxura, aurrez egindako aipatu parte hartze prozesuko lanketan oinarritua dago. Alkateak oroitu duenez, Emakumeen Etxeko talde sustatzaileari eta Kalezarko auzokideei "biei ala biei eman genien proiektua definitzeko ardura, ahotsa eta erabakimena eta biek ala biek ez zuten hutsik egin. Zortzi hilabetez luzatu zen prozesu hartan definitu eta erabaki genituen gaur irekitzera goazen eraikin eta eraikin honen aterpe izango diren bi proiektuen ia alderdi guztiak. Horregatik, berriz ere eskertu nahi diet Pelaioenea Emakumeen Etxe eta auzo ekipamenduarentzako aterpe bihurtzeko parte hartze prozesu hauetan parte hartu zuten guztiei, erakutsitako eskuzabaltasunagatik, bi kolektiboek elkar ulertzeko eta bi proiektuak uztartzeko egindako ahaleginagatik".

Gogorarazi duenez, "Pelaioenea sustengatuko duten zutabe nagusiak orduan eraiki genituen eta eraikuntza lan horretan, Elhuyuarren eta Juntura arkitekto taldeak emandako laguntza giltzarria izan zen". Haiei ere "eskerrik beroenak" helarazi dizkie. 

Pelaioenea irekita, Solaberrietak ohartarazi duenez, "gaur ez da ezer amaitzen, fase luze baten helmugara iritsi gara, baina gaur beste fase are luzeago baten hasieran gaude".