Pelaioenearen irekiera

"Mugarri garrantzitsua izango da auzoarentzat"

Noaua Aldizkaria 2024ko mar. 23a, 16:45

Kalezarko Pelaioenea ireki dute larunbat honetan. Argi dute Kalezarren. "Ez dugu dudarik mugarri garrantzitsua izango dela bertatik sustatu nahi diren proiektuentzat eta Kalezarko auzoarentzat ere". 

Gogorarazi duten moduan, "Pelaioenea bi proiekturen aterpe izango da; Usurbilgo Emakumeen Etxearena eta auzo ekipamenduaren bilgunea. Biek ala biek Kalezarko auzoa bizigarriagoa egingo dutela uste dugu".

2020ko udazkenean Elhuyarrekin eta Udalarekin batera, bi proiektuon sustatzaileak parte hartze prozesu banatan murgildu ziren, "baina elkarrekintzan eta elkarren eskutik aritu ginen lanean" era berean, "elkar elikatuko ziren prozesuak izango zirelako".

Elkar zaintzarako
Ibilbide horretan zehar, "batetik, Emakumeen Etxearen egitasmoak zehaztu ziren: hala nola, helburuak definitu ziren, zer filosofia izango zuen, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, funtzionamendua, eta kudeaketari zegozkion hainbat alderdi erabaki ziren eta horiei buruz hitz egin zen. Prozesu horretan, ekarpenak egin zituzten parte hartu nahi zuten emakumeek".

Aldi berean, "Kalezarko auzotarrok ere izan genuen gure lekua bilera horietan. Identifikatu genituen auzoak zituen beharrak, horiek asetzeko zer espazio behar genituen, horren funtzionamendu eta kudeaketa zehaztu genuen".

2021eko udaberrian larunbat honetako plaza berean, ordura arte landutako egitasmoa aurkeztu zuten. "Proiektu hauek komunitatea eraikitzen laguntzen dute eta guztion zaintzan bilakatzen den komunitate bat osatzen da hain zuzen ere", oroitu du aurkezle lanetan aritu den Ane De Miguel kalezartarrak.