Kontzertu gaua Aginagan

“Orain sortu zaigu lan borobilagoa egiteko gogoa”

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 3a, 09:33

Martxoan sartzearekin batera atera zuen Zaparra taldeak “Azalberritzen” izeneko lehen diskoa. Larunbatean kontzertua eskainiko dute Aginagako Eliza Zaharrean, gaueko 22:30etan hasita Rukula herrikideekin eta Loita Amada galizarrekin. Sarrerak aurrez eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman edo Aginagako Arraten.

NOAUA! Diskoa atera berri duzue, “Azalberritzen”, lehen lan hartatik sei urte pasa berritan.
Lehen diskotzat jotzen dugu Azalberritzen. Maketatxo bat grabatu genuen, eta Garate Estudioetan abesti batzuk grabatzen ere aritu ginen, baina gure lehen lan sendoa atera berri duguna da. Lehendabiziko lanak Haranen grabatu genituen Irungo maketa lehiaketa irabazita lortutakoarekin. Gerora, Garaten lau abesti grabatu genituen, baina ez genuen diskorik atera. Esperientzia izan zen guretzat. Ondoren, etenalditxo bat egin genuen lau bat urtekoa. Pandemiak ere harrapatu gintuen eta oso geldirik egon ginen garai hartan. Orain hasi gara lanean berriz, eta grabatzeaz gain, diskoaren diseinua, abestien hautaketa, kamisetak eta halako guztiekin lan egin dugu. Hauxe izan da gure lehen proiektu osoa. Ez dugu uste inor izugarrizko sorpresaz hartu duenik.

Nolatan etorri da lehen lana bederatzi urteko ibilbidearen ondoren?
Gorabehera handiak izan ditugulako. Sortu ginen momentutik plazan eta zuzenekoan jarri genituen indarrak eta horretan aritu gara burubelarri. Euskal Herriko leku askotan jotzeko aukera izan dugu sortu ginenetik. Hasieran, oraindik ikasketak egiten ari ginen eta gure lantxoa zen orduan. Musikaz gozatzea erabaki genuen eta lan sendoak egitearena nahiko alboratuta izan dugu. Orain sortu zaigu lan borobilagoa egiteko gogoa. Inflexio puntu bat izan genuen duela urtebete, uztekotan egon ginen eta bi aukera planteatu genituen: taldea serio hartu edo utzi. Bi hilabetean behin entseguren bat egiten genuen, eta oso utzita geneukan dena. Entseguetan elkartzean abestiak asmatzen hasten ginen, aurreko entseguan egindakoa ia ahaztuta geneukalako. Erabaki bat hartu beharra zegoen, eta horra urtebetera diskoa. Udan egunero entseguak egiten aritu ginen eta martxoan plazaratu genuen lana.

Lehen diskoa atera arte zer aritu zarete jotzen kontzertuetan?
Maketaz haratago kantuak bagenituen. Grabatu gabe geratu diren abesti batzuk ere badauzkagu zuzenekoetan jotzen genituenak. Talde oro bezala, bertsio batzuk jota osatzen genuen jarduna, baina geroz eta abesti propio gehiagorekin. Lan berri honetarako abesti berriak prestatu ditugu, denak hutsetik hasita. Urte askotako prozesua izan da, eta gu ere aldatu egin gara bidean. Orain filtro gehiago jarri dizkiogu gure buruari.

Duela pare bat hilabete atera zenuten “Orbanak iruditan” aurrerapen kantua.
Abestirik berezienari protagonismoa eman nahi genion. Ez da erraza esaten abesti horrek diskoa definitzen duela ere. Abestirik rockandrolleroena da, edo guk bilatzen genuen estilo horretara gehien hurbiltzen dena. Abesti gogorragoak eta azkarragoak ere baditugu.

Zortzi abestiz osatutako diskoa osatu duzue. Nola hautatu zenituzten zortzi horiek?
Azken data jarri genion geure buruari abestiak asmatzeko, eta horrainokoa hartu genuen. Sorkuntza prozesua Jon gitarjolearen ideietatik hasi genuen, eta abesti osoak baino gehiago zatiak edo ideiak izaten ditugu askotan. Haziak hark jartzen ditu gehien, eta horietatik atera dira diskoko abestiak. Askoz ere hazi gehiago baditugu, baina ez dira abesti osoak kasu gehienetan. Behin forma hartzen doazela definitzen ditugu, eta zortzirekin geratu ginen. Beste bat ia-ia amaitu genuen, baina ez dugu diskoan sartu. Driven daukagu hori beste askorekin batera eta agian, noizbait berreskuratuko dugu han daukagun materiala. Gutxien espero duzunean entzuten jarri eta berriz hartzeko gogoa ere ematen du. Batek daki zer gertatuko den abesti horiekin. Batzuetan hazi ezberdinak elkartuta osatzen ditugu abesti osoak.

John Wine abestian Pello Artaberen elkarlana izan duzue.
Eskean Kristo betidanik izan dugu gustuko. Pello Artabek uste zuen bertsio-talde bat ginela edo halako zerbait. Usurbilen zale asko dituzte eta esan genien euren abestiren baten bertsioa jotzen genuela, eta horregatik izan liteke. Eskean Kristo erreferente bat izan da guretzat urte askoan eta bidea egin duela iruditzen zaigu rockandrollean Euskal Herrian. Orain talde gehiago daude, baina garai batean ez zegoen ia besterik. Askotan atzerriko taldeak entzutera jotzen du jendeak, baina guk Euskal Herrian ere baditugu erreferenteak. Abestian parte hartzeko Martxel Arkarazoren bidez lortu genuen lotura. Gure lana masterizatzen aritu zen, eta Pellorekin harreman handia duenez, asko erraztu zigun bidea. Martxeli ideia proposatu genion, abesti horretan Pelloren ahotsa oso egokia izan zitekeelakoan.

Sormen prozesua nola egiten duzue?
Jon Mikel arduratzen da abestiei hitzak jartzeaz, baina Endikak ere abestiren baten letra egin du. Alderdi instrumentalean Jon Guadix aritzen da gehiago eta hazia ere hortik etortzen da. Entseguetan laurok batera gaudenean, denbora pasatzen dugu sormen lana denon artean egiteko, bestela etxeko lanekin ez dugu ondo funtzionatzen. Hala ere, onartu beharra dago zaila izaten dela beste batek egin duena ez zaizula gustatzen esatea. Errespetu falta txikitzat ere har liteke, baina esan beharra dago eta esaten dugu, baina ez da momentu gozoa izaten. Modu afektiboan esan behar diogu, mindu gabe. Diskoan denoi gustatzen zaizkigun abestiak sartu ditugu. Kontzertuetarako batzuk horrenbeste ez zaizkigu gustatzen, baina agian, autoan entzuteko bai. Talde proiektua da eta erabakiak denon artean hartu behar ditugu.

Kontzertu denboraldi zabalagoa espero duzue orain?
Diskoa atera genuenetik ez gara gelditu, egia esan. Gazte Egunerako atera genuen, eta ordutik Antzuola, Asteasu, Zeanuri... Aginagako Eliza Zaharrean izango gara larunbatean. Bertan behera geratu zaigu baten bat, baina baditugu aurrerago ere kontzertu batzuk. Nahikoak dira, asteburu batzuk libre izatea ere gustatzen zaigu eta baditugu bestelako egin beharrak ere. Urte hauetan egindako harreman sarea nahiko zabala da eta badakite diskoa atera dugula, eta horrek kontzertuak dakartza: "itzuli egin zarete!", esaten digute batzuek.

Ia bederatzi urteko ibilbidea osatu duzue. Espero zenuten honaino iristea?
Honi buruz behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu, eta elkarri galdetu diogu: zergatik egiten dugu hau? Oporretara joan beharrean lokalean orduak pasa, hurrengo egunean lana izanda entsegatzen egon goizeko ordubata arte.. Sentsazio hori izaten dugu batzuetan, baina beste momentu askok bete egiten gaituzte. Emozionalki oso gorabeheratsua da halako zaletasunak izatea eta denbora ere eskatzen du. Hala ere, momentu oso onak ematen ditu eta horregatik jarraitzen dugu honetan. Ez dugu ezer pentsatu aurrera begira. Lan bat egin nahi genuen, egin dugu eta orain horren inguruan dantza egin nahi dugu. Aldi berean, diskoan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu Garate Estudioetako langileei, diskoko kolaboratzaileei, lagunei eta senitartekoei.