Kontzertu gaua Aginagan

"Guretzako ohorea da halako espazio batean jotzea"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 3a, 09:22

Iaz kaleraturiko "Traganarru" hirugarren diskoarekin bueltan datoz Rukulako kideak larunbatean Aginagako Eliza Zaharrera. Bertako elkarguneak antolaturiko kontzertu gauean parte hartuko dute Zaparra herrikideekin eta Loita Amada galizarrekin batera, gaueko 22:30etan hasiko den musika jaialdian. Sarrerak aurrez eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman edo Aginagako Arraten.

Hamar urteko ibilbidea jorratua duen Rukula bueltan datorkigu, oraingo honetan, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunera. Urteotako hiru disketako abestiak entzungai izango ditugu maiatzaren 4an, 22:30etan hasiko den kontzertu gauean. Hurbilekoak dituzten Zaparra herrikideekin eta Loita Amada galizarrekin partekatuko dute oholtza.

Iaz aurkeztu zenuten "Traganarru", zuen hirugarren lana. Nola deskriba dezakezue sorkuntza lan hau?
Diskoa Garate estudioetan grabatu zuen Martxel Arkarazo taldekideak. Azken bi diskak analogikoan grabatu ditugu, denok elkarrekin. Saiatzen gara diskan ordezkatzen guk zuzenean egiten duguna. Uneotan, taldekideok honako hauek gara: Oihan Agirretxe bateria, Martxel Arkarazo baxua, Jon Agiriano kitarra eta Josu Furundarena beste kitarra. Hala ere, diskoan kitarrak Aitor Pagolak eta Jon Agirianok grabatuak dira. Sorkuntzari dagokionean, traganarrua marinelek beldurra zioten itsasoko izaki mitologiko bat da. Diskak, soinuaren aldetik, horrekin lotura duela esango genuke. Une lasaiak ditu eta oso une bortitzak ere bai. Beste diskoekin alderatuta, teknikoagoa da. Zati handi bat covid garaian konposatu genuen, etxetik, bakoitzak bere ordenagailuarekin. Erritmo tribalak, dantzagarriak ditu, baina bati zati teknikoagoak ere. Abesti batzuk bukatzen direnean, eduki izan dugu pantaila pasatzen dugunarena sentsazioa. Iruditzen zaigu heldutasun puntu batera heldu garela disko honekin eta oso pozik gaude emaitzarekin. Diseinua Ibai Arrietak egin zigun.

Zer nolako hartuemana izan du lan berriak publikoarekin?
Oso pozik gaude orohar izandako harrerarekin, eta nola ez, usurbildarrek eman diguten babesarekin. Harrera oso ona izan du. Zorionekoak sentitzen gara Usurbil inguruan dagoen musika komunitatearekin, musikarekiko sentsibilizazioarekin. Usurbildarrak beti etorri izan dira kontzertuetara gu babestera eta, horregatik, pozik gaude Aginagan joko dugulako. Udal baliabide aldetik ere beti sentitu dugu babesa. Rukulak funtzionatzen segitzen du hasierako filosofia berarekin. Gu saiatzen gara publikoarekin ahalik eta gehien konektatzen. Horretarako, askotan lurrean jotzen dugu, publikoarekin ahalik eta gertuen egoteko.

Parez pareko harremana sustatu nahi duzue zaletuekin.
Lurrean jotzeak ahalbidetzen du maila berdinean egotea eta denon artean une polit bat sortzea. Filosofia horrekin jarraitzen dugu. Halere, egokitzen gara edozein leku eta beharrizanetara.

10 urte bete ditu taldeak. Zeintzuk izan dira Rukularen ibilbidea baldintzatu duten mugarri nagusiak?
Zorte handia izan dugu Rukularekin kontzertu piloa eskaini, leku eta jende pilo zoragarria ezagutu ahal izan dugulako, beste modu batean seguruena ezagutuko ez genukeena. Hasieratik geneukan izaera mantentzen saiatu gara, erritmo dantzagarri horiek, publikoarekin koneksio hori, rock puntu indartsu hori mantendu dugu. Bide horretatik jarraitzen saiatuko gara aurrerantzean ere. Egia da, batzuetan zaila da arlo pertsonala, profesionala eta taldea uztartzea, baina beti mantendu izan dugu presente taldea. Ez dugu presarik ezertarako. Gure helburua da bideaz, musikarekin gozatzea eta leku eta jende berria ezagutzea.

Rukula zuentzat, zuen bizimoduko beste konpartimentu natural bat da ezta?
Hala esango nuke. Neure nortasunaren parte bada behintzat. Asko ikasi dut Rukularekin. Elkargune bat da ere. Beti esan izan dugu, terapia moduko bat ere badela taldea. Azkenean, astean zehar gure ohiko bizitzetatik pixka bat aldendu, lokalera joan eta gure lagunekin musikaz gozatzeko aukera izatea, bada terapia antzeko bat. Asko lagundu digu musikak ere.

Zuen askotariko izaeradun abestiek, jende multzo zabalagoarengana heltzeko bide izan dira?
Baietz esango nuke. Rukulako taldekideok dugun berezitasunetako bat da, oso mundu ezberdinetatik gatozela, musika zaletasunei, Rukula aurretik izandako ibilbide musikalari edota gure lan eta bizi estiloei dagokienean, oso ezberdinak gara. Aipatzen dugunean Rukula bera koktelera bat dela, esango nuke, taldekideon artean ezberdinak garelako ere badela eta gero kantetan islada baduela gu garen horrek. Musikak batzen gaitu eta hori kantetan ere islatua ikusten da. Pozgarria da, azkenekoz egon ginen Zumaian jotzen. Karpa betea zegoen. Jende ezberdin hori ikusten zen publikoan, asko gazteak, helduak ere. Aniztasun handia zegoen publikoan eta denen arteko giro ona. Gure kontzertuak denontzako espazio seguru bezala eraiki nahi ditugu.

Aginagako kontzertura joango denak zer da Rukularengan ikusi eta entzun ahalko duena?
Ez du Rukula bakarrik ikusiko. Aginagakoa polita izango da. Zaparrak ere joko du. Gure lagunek disko berria aurkeztuko dute. Gogo handia dugu haiekin oholtza partekatzeko. Berezia izango da, Usurbilek beti izan du musika komunitate indartsu bat eta larunbatean, komunitate horretako bi musika talde egongo dira. Bestalde, Galizako Loita Amadak joko du. Bertan, besteak beste, Jasperrek parte hartzen du. Usurbilekin harreman estua du. Izan ere, bere aurreko proiektuetan Kaki Arkarazorekin izan du harremana eta Garate estudioetan Nao taldearekin grabatu izan du. Usurbilen egon izan dira. Konexioa badago Galiza, Euskal Herria eta Usurbil artean, nahiko indartsua dena. Besteak beste, guk, Rukulatarrok Galizan izan ginen duela gutxi. Bira egiten ari dira, gu han izan ginen moduan, Aginagara etorriko dira orain. Diska aurkeztera datoz. Seguru, giro ederra izango da Aginagako Eliza Zaharrean. Proiektu horretan dabilen jendeak lan handia egin du, gogo eta ilusio handiz. Guretzako ohorea da halako espazio batean jotzea, elkargune horri babesa emateko modu bat ere bada bertara joatea. Gu eskertuak, espero dugu gau polit bat pasatzea. Hemendik, eskerrak eman Aginagan bolondres lanetan halako arnasguneak eraikitzen ari den jendeari. Aginagan egiten diren moduko proiektuak babestu egin behar dira eta eskertu.

Sortzen jarraitzen duzue?
Bai. Ideia piloa dugu. Badugu aurreikusia etorkizun batean beste disko bat grabatzea, baina presarik gabe. Ez zaigu erraza egiten ari une honetan, jarraikortasun batekin entsegu dinamika potente bat izatea. Bagabiltza lanean, ideiak baditugu baina gure gorputzei eta bakoitzaren uneei entzunez segi nahi dugu, elkar zainduz. Etorriko da etorriko dena. Gainerakoan, disko hau aurkezten segiko dugu. Oraindik asko dugu eskaintzeko. Lekuetatik deitzen ari da jendea. Besteak beste, Aramaion, Igeldon, Zumaian, Errenterian, Baionan... izango gara datozen hilabeteetan.

Nola proiektatzen duzue etorkizuneko Rukula?
Rukularen diskoetan eta soinuan bilakaera nabarmentzen da, baita gure funtzionamenduan eta gure gauzak kudeatzeko moduan ere. Hasieran, kontzertu piloa jotzen hasi ginen eta horrek, nola ez, nekatzen du. Une honetan, elkar ulertze eta zaintza horretan gaude gehiago. Presio handirik gabe, bideaz gozatzea da dugun filosofia eta horrek ahalbidetzen du proiektuak denbora luzez irautea. Horretan jarraituko dugu. Etorkizunera ez dugu asko begiratzen, baina gustatuko litzaiguke kanpora joatea, konpainia ederrean elkarrekin bidaiatu, lekuak ezagutu eta hori dena musikaren bidez egitea.