Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Adinekoak eta dispertsioa, aurtengo arreta gunea

By on 2019-01-11 in Jendartea, Politika


Iaz dispertsioa eta gurasoak espetxean zituzten motxiladun haurren eskubideen inguruan jarri zuten arreta gunea. Aurtengoan, gaixorik egon edota adinduak direnengan. Testuinguru honetan, larunbaterako (urtarrilak 12) deitu du Sare mugimenduak manifestazio bana Bilbon (La Casillatik) eta Baionan (Laugatik). 17:00etan abiatuko dira, “Orain presoak” aldarripean. Urtero moduan, autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Izena aurrez eman ohiko tokietan.

Hitzorduoi begira, dispertsioa eta adinekoak hizpide nagusi hartuta, mahai-ingurua antolatu zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak abenduaren 19an Sutegin. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramailea, Javier Ondo medikua eta Mari Karmen Anza, Olatz Lasagabaster presoaren ama gonbidatu zituzten hitzordura.

Lehenbizi, albiste honi atxikia duzuen “Azken arnasa arte” film laburra proiektatu zuten. Euskal presoen adineko senideak eta gaixo direnen errealitatea plazaratzen du ikus-entzunezkoak. Kurkuluxetan elkarteak ekoitzi du, iaz “Motxilaren umea”  filma ekoiztu zuen elkarte berak.

“Gure nagusiek, gure aitita-amamek une latzetan ere, beraien berotasuna eta begiraden lasaitasuna helarazi dizkigute. Film honetan, espetxeak eratortzen duen egoera gogor baten aurrean gure nagusien jarrera islatzen da,….berriro ere eredugarria eta txalogarria suertatzen delarik. Azken 30 urteotan ehunka aitita eta amamak filmean agertzen den egoera jasan behar izan dute eta zoritxarrez gaur egun jasaten jarraitzen dute”.

“Asko agurrik esan gabe doaz”
Sufrimendu hau gizarteratzea ezinbestekotzat jo zuen Errazkinek proiekzioaren segidan egin zuten solasaldian zehar. Eta horretan “denok dugu zeregina”, nabarmentzen zuen. 

Bidegabekeria honekin amaitu beharra aipatzen zuen medikuak. “Dispertsioak arriskuan jartzen du presoen bizitza, baita ingurukoena eta are gehiago, adinekoen osasuna. Egoera honi bukaera eman behar zaio”.
 
Hainbat datu plazaratu zituzten. Presoen adina gorantz doa, 25 preso badira 60 urtetik gorakoak, beste 3, 70 urte baino gehiago dituztenak. Gaixo direnak; 40 urtetik gorako 30 preso, eta 60 urtetik gorako beste 13. Presoekin batera, paraleloki adinean aurrerantz doaz senideak ere. Sarritan, 500-800 kilometro arteko bidaia luzeak egin beharrean aurkitzen dira. Errepidearen egoera, eguraldia, presoa nola egongo den, bisitatik nola aterako diren, osasunak noiz arte ahalbidetuko dien senide presoa bisitatzea… Horrek guztiak estres fisiko eta psikiko handia eragiten badio pertsona orori, are gehiago kolektibo honi. “Egoera berrietara egokitzeko gaitasun gutxiago dute”, adierazi zuten Sutegiko solasaldian.

Seme-alabak edo bilobak espetxean dituzten guraso edo aiton-amonak beldur dira askotan, “noiz helduko den, bere azken bisita”. Eta hori gertatzean, “bada neurri batean, seme-alaba galtzea, ezin duzulako ukitu, ikusi”.

Urteotan euskal presoren senide ugari hil dira, “asko agurrik esan gabe doaz”. Preso askok egiten dituzte larriki gaixorik duten senidea bisitatzeko eskaera. Sutegin nabarmentzen zutenez, baimenok ukatzen zaizkie sarritan. Baimentzen zaienen kasuetan, “zama handiko” bidaiak izaten dira. “Ordubete eskas izaten dute, eskuburdinekin eta poliziarekin”, baldintza horietan gaixo den senidea bisitatzeko.

Xuak, Olatzek, Patxik eta senideek sufritzen duten errealitatea
Hurbileko amona baten lekukotzaren berri jaso zuten Sutegira joandakoek; Mari Karmen Anzarena. Bere alaba Olatz Lasagabasterrek, Patxi Uranga eta haien haur Xuarekin, Usurbildik 600 kilometrora segitzen du, Valentziako Picassent espetxean. Dagoeneko zigorraren hiru laurdenak beteak izanik, baldintzapean aske eta Usurbilen behar luketen arren.

Kasu zehatz honetan ere isla argia du senide gaixoen eta adinduen gaiak. Mari Karmenek azaldu zuen Sutegin. Batetik hor dago Xua. Urtebete barru, 3 urte beteta, Picassenteko espetxetik irten beharko du. Amona egingo da bere kargu. “Ardura baino poz askoz handiagoa izango da”, zioen Mari Karmenek Sutegin.

Berak bisitatu ahal du biloba, bere amak ordea ez. Olatzen amonak 92 urte ditu, “duela 6 urte biloba ikusten ez duela”. Birbiloba ikusteko irrikitan dago. Patxik ere amona bizirik du, baina “atxilotu zutenetik ez du ikusi”. Senideok, Olatz, Patxi eta Xua ikusi nahian dira, baina ezin. Ez daude Valentziako Picassentera eta handik buelta egiteko, 1.200 kilometroko bidaia egiteko osasun baldintza egokietan.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.