Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Olentzeroren eskertza gutuna Hurbilago Elkarteari

By on 2019-01-10 in Aisia, Euskara, Jaiak, Jendartea, Kultura


Uxue eta Andde Olentzeroren laguntzaileek Olentzeroren gutun berezia helarazi dute NOAUA!ra. Abenduaren 24an gure artean izan genuen ikazkinak Hurbilago Elkarteari zuzenduta idatzi duen eskertza gutuna, “egiten duzuen lana; herriari bizia emateko egindako ahalegina” dela eta. 

Igaro berri diren asteotan, Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteak antolaturiko ekintzak goraipatzearekin batera (denda txikien atrakzio parke erraldoia, Olentzeroren ongi etorri festa, 9. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa, Gabonetako Zozketa), hitzorduotan lagundu dutenen ahalegina eskertu nahi du Olentzerok. 

Eskaera bat ere badu ikazkinak Usurbilgo herriarentzat; herrian bertan kontsumituz, herri bizitzari eusteko gonbita luzatu digu. “Konpromiso hori hartzen badugu, urteetako herri bizitza izango dugu eta Olentzeroren etorrerak, aurtengoa bezain polita izaten jarraituko du, edo oraindik eta ederragoa… Urte ona opa dizuet, laster arte”.

Segidan duzue Olentzeroren laguntzaileen eskutik jaso dugun ikazkinaren gutuna bere osotasunean:

GUTUNA
Urte berri on usurbildar guztioi:

Uxue eta Andde gara, Olentzeroren laguntzaileak; usadio zaharra zainduaz,  haurren eskutitzak jasotzen ditugu, gero Olentzerori eskaintzeko.

Gaurkoan Olentzeroren eskutitz bat dakarkigu, usurbildarrei zuzendua; honela dio:

 “   Eguberri eta Urte berri on:

      Nere belarrietara iritsi zait herrian HURBILAGO izeneko elkarte bat dagoela, gabonetan lan eta lan aritzen dena, Usurbilgo herritarrek gabon jai zoriontsu eta alaiak igaro ditzaten. Herriko kaleak argiz girotzen. Ni, Olentzero, zuen herrira iristen naizenerako, bertan egiten didaten harrera goxoa eta beroa prestatzen, joaldunekin, jentillekin, galtzagorriekin eta herritar bolondres askorekin.

Badakit Usurbilgo herri gunean haurrentzako gabonetako parke erraldoi bat ere jarri dutela, hainbat eta hainbat jolas, atrakzioak, eta abar luzea. Eta nola ez, urtea kirol pixka bat eginez  amaitu nahi dutenentzako, San Silbestre herri lasterketa antolatu, partaideentzako opariak prestatu eta herritarrei eskainitako zenbat gauza on gehiago ere.

      Ondorengo guztia eskertu nahi diot HURBILAGO elkarteari:

      Egiten duzuen lana; herriari bizia emateko egindako ahalegina. Komertziorik, ostalaritzarik, enpresarik eta abar luze bat, halako aktibitate eta zerbitzurik gabeko herri guneak tristeak dira oso.

     Hau guztia posible egiteko ipintzen duzuen denbora eta dirua.

      Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet baita ere, herritarrei, Udalari, udaleko langileei, eta modu batera edo bestera, ekintza horietan HURBILAGOri laguntzen dioten guztiei. 

      Azkenik, eskaera bat ere bai. Usurbilgo talde eta herritar modura, saiatu zaitezte, bakoitzak ahal duen neurrian, HURBILAGOkoek, Usurbilgo dendariek, tabernariek eta bertako enpresek sortzen duten herri bizitza horri eusten, herrian bertan kontsumituz.

      Konpromiso hori hartzen badugu, urteetako herri bizitza izango dugu eta Olentzeroren etorrerak, aurtengoa bezain polita izaten jarraituko du, edo oraindik eta ederragoa…

Urte ona opa dizuet, laster arte.

OLENTZERO”

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.