Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“Gordailu inertizatuak”, Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko GuraSOS-en plan alternatiboa

“Ez dute lixiabiaturik sortzen, ezta usain eta metanorik ere”. Ez dute ingurumena kutsatuko, ezta gu guztion osasuna kaltetuko ere. Ez dira biodegradagarriak, “beste gai batzuengan ez dute eragin negatiborik”. Ez dira disolbagarriak, “ez erregai, ezta fisikoki edo kimikorik erreakzionatzeko gaitasuna”. Kimikoki edo biologikoki eraldatzeko gaitasun eza dute.

“Gordailu inertizatuak” ditugu, erraustegia alboratu eta ohiko isurketen bidea ordezkatuko duen alternatiba. Hondakinak inertizatu eta “DK II” motako gordailuetan biltzean oinarritzen da. Tratamendu Mekaniko-Biologikorako (TMB) planta batekin bateragarria litzateke alternatiba hau eta “Zubietako lantegian instalatua izan daiteke, gaur egun aurreikusia dagoena funtzio berrira bideratuz”. 

Larunbat honetan aurkeztu du GuraSOSek Hernaniko Oronako auditorioan egin duen jardunaldiaren baitan, erraustegia eta zabortegi berrien eraikitzea alboratzen duen proposamen berri hau. Hondakinen kudeaketarekin Gipuzkoan dugun gatazkari irtenbide adostu bat emateko, Hitzartu prozesuaren baitan, azken urtebetean herritar, eragile eta adituek diseinatu duten bide-orriak jasotzen duen alternatiba dugu honakoa. Bide-orria bera plazaratu dute gaurkoan; 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko plan alternatiboa alegia. 

Urtean zehar bideratu den lanketa prozesurako bi mahai eratu dira; herritar eta eragileak bildu dituen mahai soziala eta adituen mahai teknikoa. Mahai sozialean jasotako ekarpenekin hornitu du Mahai Teknikoak gaur aurkeztu duten proposamena.

“Residua Consulting” enpresako Antton Lete eta Iñigo Irigoyen teknikariek ondu duten planak bestelako  planteamendu bat egiten du 2030. urtera arte. “Aurrez bioegonkortutako udal hondakinak, “gordailu inertizatu bidez kudeatzea, zigilatutako eta isolatutako gelaxketan”. Instalakuntza honek, “gaur egun martxan diren instalazioak erabil ditzake eta beraz, ez da beharrezkoa lurzoru berriak okupatzea”. 

Aurkezpen saioan zehar zehaztu dutenez, “dagoeneko garatua den teknika bat da, gure ingurunean ere praktikatzen dena”. Gugandik gertu, Bizkaian. Herrialde horretako Foru Aldundiak Artigas instalazioetan halako gelaxkak jarri berri dituela nabarmendu du GuraSOSek. 

Errauske eta ohiko isurketa bideak alboratzen ditu
Ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik eredu iraunkorra dela defendatu dute. Europako zuzentarauekin bat datorrena, osasuna eta ingurumena babesten duena. Alternatiba honekin, erraustegia edota zabortegi berrien aukera baztertzen dute honenbestez. “Ohiko isurketari uko egiten diogu bertatik eratortzen diren ingurumen eta osasun arazoengatik. Erraustea baztertu egiten dugu, orain arte identifikatutako isuri toxikoekin batera, gaur egun oraindik identifikatuak ez diren plastikoa erretzeak sorturiko deribatuak daudelako eta osasun segurtasuna bermatzen duten azterketarik ez dagoelako”. 

Plastikoak erraustearen eraginei buruzko azterlanik ere ez dagoela ohartarazten dute, plastikoen fluxua Estatuen osasun eta ingurumen kontrolpetik at mugapen handirik gabe eboluzionatzen doan honetan. Plastikoek jada “planeta mailako ingurumen arazo larria” sortu dutela gogorarazi dute gaurko jardunaldian.

Europako Batzordeak errealitate honi aurre egiteko estrategia plazaratu zuten urte hasieran. Bertako lehen presidente orde Frans Timmermansen hitzak ekarri ditu gogora gaurko jardunaldian, GuraSOSek. “Plastikoak uretara eta elikagaietara iristen jarraitzea eragotzi behar dugu, baita gure organismora ere. Epe luzerako irtenbide bakarra hondakin plastikoak murriztea da, birziklatzea eta berrerabiltzea gehituz. Erronka hori herritarrek, industriek eta gobernuek elkarrekin egin behar dute… Teknologia berritzaileetan inbertitu behar dugu, herritarren eta ingurumenaren segurtasuna zaintzen dutenak, industriaren lehiakortasuna mantentzen duten bitartean”. 

 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.