Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Militarren kuartela Loiolatik Zubietara lekuz aldatzearen bideragarritasuna zalantzan orain

By on 2018-11-29 in Ekonomia, Hirigintza, Jendartea, Politika

Dirudienez, argi dute bai Donostiako Udalak baita Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak; Loiolakoa itxi eta Zubietan kokatu nahi dute militarren kuartela. Iraila hasieran agertu zuen Gipuzkoako hiriburuko udalak aipatu gunea Zubieta gainean eraikitzeko nahia. Espainiako Gobernua ere antza bat dator Donostiako Udalak irailean eginiko proposamenarekin. Baina asteartean Eneko Goia alkateak eta Margarita Robles defentsa ministroak Madrilen egin zuten bilkuran ondorioztatu ahal izan zutenez, leku aldaketa ez da erraz gauzatuko.

Madrilek Donostiari kuartela Zubietara lekuz aldatzeko proposamen zehatza aurkeztu zion. Proposamen honen bideragarritasuna ordea, ez du guztiz argi ikusten Donostiako Udalak, kostua handiak eragingo dituela dio. Hedabideen arabera, Loiolakoa bota ahal izateko, Madrilek Zubietan kokatu asmo duten kuartel berria Donostiako Udalak ordaintzea nahi du eta udal berak jartzea azpiegiturarentzako lursaila. Horregatik, Gipuzkoako hiriburuko Udalak ez du Loiolako militarren kuartela eraitsiko den itxaropen faltsurik sortarazi nahi. Gogoan izan, egungo militarren kuartela botata babes ofizialeko etxebizitza berriak eraiki nahi dituela Loiolan. Gai honetan oraindik akordiorik ez da beraz bi erakundeon artean, baina lankidetzan jarraitzeko asmotan dira.

Loiolako militarren kuartela
Gogoan izan, gai honen harira, Loiolako militarren kuartela Zubietara lekuz aldatzearen aurka agertu zen udalbatza irailaren 24ko osoko bilkuran. Gai honi lotutako mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Mozio honen alde bozkatu zuten bakarrak gobernu taldeko kideak izan ziren. EAJ-ko ordezkariak abstenitu ziren, PSE-k aurka bozkatu zuen. Zubietarako aurreikusiak dauden egitasmoekiko kezka agertzen zuen mozio hark. “Larrialdi egoeran dago Zubieta eta Usurbil ingurua ere”.

Zubietako Herri Batzarreko ordezkariak pleno hartara joan eta hitza hartzeko aukera izan zuten. “Desmilitarizazioaren alde bagaude, kuartela ez da inon behar” zioen Nartxi Arrillaga, egungo Zubietako alkateak. Fernando Iturraldek laburbildu zuen egungo panorama. Donostiako Udala zubietarrekiko Judasen papera betetzen ari dela zioen. “Txanpon eta etxe batzuen truke saltzen ari da Zubieta”.

 

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.