Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

21. Korrikak abestia eta bideoklipa ere prest

By on 2018-11-29 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura


21. Korrikaren leloa, abiapuntua eta helmuga, egutegia, omendua, salgai jarri duten arropa… ezagutzen genituen. Ostegun honetan aurkeztu dute Bilbon, euskararen aldeko lasterketarako abesti eta bideoklipa. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian.

Berriki, NOAUA!ren Kulturaldian izan genuen Fermin Muguruza dugu abestiaren eta bideokliparen zuzendari artistikoa. Muguruza bera, Mad Muasel eta La Furia dira interpreteak. Korrikaren antolatzaileen esanetan, “elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabalduko ditu abestiak; bideoklipean, aurrez aurre dauden bi mundu eta, aldi berean, osagarriak direnak ageri dira. 100 lagunek baino gehiagok hartu dute parte lanean”. 

Arropa euskaltegian salgai
Bixerak, nikiak, puffak, kirola egiteko kamisetak, egunerokoan janzteko kamisetak… Apirilaren 4tik 14ra Klika aldarripean ospatuko den 21. Korrika laguntzeko materiala erosi dezakezue jada Etumeta AEK euskaltegian. Materiala erosteaz gain, Korrika Laguntzaile ere izan zaitezkete. 12 euroko ekarpena eginda, Euskal Herriko hainbat saltokietan beherapenak izateko txartela eta pina jasoko duzue. Informazio gehiago: korrika.eus

Apirilaren 4tik 14ra Garesetik Gasteizera
Apirilaren 4an abiatuko da Garesen eta apirilaren 14an amaituko da Gasteizen. 11 egunez Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du “Klika” aldarripean; tartean noski, Zubieta, Usurbil eta Aginaga.

“Klika”
“Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea

Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.

Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrika hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.

Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.

Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.

Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin”.

Txillardegi omenduko dute
Euskara tatuaren 50. urtemugaren harira, Txillardegi omenduko du 21. Korrikak, “egundoko lana egin zuelako, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogulako. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da: EUSKARA BATUA”.

Txillardegik euskaldunoi eginiko ekarpena goraipatuko du 21. Korrikak. “Txillardegik, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. 1957tik, euskaltzain urgazlea zen, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu zituen arren.

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, hartutako erabakiak biltzen zituen txostena plazaratu zen. Hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren —euskara batuaren sorrera-agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen”.

Datozen deialdiak
Korrikaren abiapuntu eta helmuga, leloa, mezua eta omendua nor izango den aurreratu dute 21. Korrikaren antolatzaileek, asteazken goiz honetako agerraldian. Hurrengo aste eta hilabeteetan xehetasun gehiagoren berri ematen joango dira. Azaroa erdialdetik aurrera, edizio berri honetarako laguntza biltzeko arropa salgai jarriko dute. Azaroaren 29an bestalde, abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Informazio gehiago: korrika.eus

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.