Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko ostegunera arteko epea duzue

By on 2018-11-19 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura


Azken prestaketa egunak ditugu hauek. Euskaraldirako 4 egun baino ez dira geratzen! Jada 1.000tik gora Ahobizi eta Belarriprest ditugu Usurbilen. Eta adi, oraindik izen emateak zabalik segitzen baitu. Ostegunean (azaroaren 22an) itxiko da 11 egunez luzatuko den ekimenerako inskripzioak bideratzeko epea. Dakizuenez, egin beharrekoa erraza da. Potxoeneara edo NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzara etorri eta izen emate orria bete. Internet bidez ere, usurbil.euskaraldia.eus helbidean eman dezakezue izena.

Izena ematerakoan Ahobizi edo Belarriprest txapa eta argibideen eskuorria jasoko duzue. Euskaraldian parte hartzeko ezinbesteko tresna hauek jasotzeko ere ostegunera arteko (azaroak 22) epea duzue, Potxoenean edo NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan.

Txapa banaketa arrakastatsua
Arrakasta itzela izan du Euskaraldirako izen emateak. Pentsa, mila herritarrek baino gehiagok bat egin dute jada azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ekimenarekin. Azken asteotan egin dute gorantz nabarmen, Euskaraldirako atxikimenduek. Eta ostiral arratsaldean frontoian eginiko “Txipli txapa pum” ekimena horren isla argia izan zen.

Ehunka lagun hurbildu zen goiz partean Potxoenera eta NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzara txapak jasotzera, eta arratsalde partean, frontoiko aipatu gunera. Izen eman, izen ematea egoki egin dela frogatu, Euskaraldirako zalantzak argitu eta informazioa jaso, eta azkenik, Ahobizi edo Belarriprest txapa eta eskuorria eskuratzera. Prozesu hau guztia egiteko herritarrek herritarrak izan zituzten bidelagun, bolondres sareari esker egin baitzen Euskaraldira begirako atzoko prestaketa saioa.

Txapa eta argibideak jaso ez dituzuenok adi; asteburuan, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan Sutegin antolatu ditugun ekitaldietan jarriko dugun mahaian eskuratu ahalko dituzue. Hau da, larunbat eta igande arratsaldean, 18:30-19:00 artean kultur etxean bertan. Euskaraldirako izena ere bertan eman ahalko duzue. Bestela, astelehenetik aurrera Potxoenean edo NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan. Euskaraldirako apuntatu edo Euskaraldirako txapa eta eskuorria bi guneotan jaso ahalko dituzue.

EUSKARALDIA
Azaroak 20, asteartea
18:00 Ahobizi eta Belarriprest guztientzako tailerra Potxoenean.

Azaroaren 22ra arte, ostegunera arte
Euskaraldirako izen ematea eta txapa banaketa.

Azaroak 23, ostirala: Euskaraldiaren hasiera
8:00
Euskaraldiari hasiera emateko 11 suziri.
Egunean zehar, musika plaza inguruan.
17:00 Bihurri Ludotekan zinea euskaraz eta palomitak 6 urte arteko haurrentzat. Sarrera: doan.
17:30 Taloak frontoian.
Ondoren, Orbeldi dantza taldearen emanaldia eta Errebal taldearen dantza musikatua frontoian.
19:00 Andatza M.K.T.-ren Mendi Astearen baitan, “Aizkora hotsak goi mendietan” dokumentala Sutegiko auditorioan.

Abenduak 2, igandea
18:00 Euskaraldia borobiltzeko Usurbilgo Artixten emanaldia frontoi inguruan.

Abenduak 3, astelehena
Euskararen Nazioarteko EGuna: Euskaraldiaren amaiera.

Izen ematea, irailaren 22ra arte:
-Irailaren 22ra arte NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Potxoenean ditugun eskuorrietan.
-Emailez edo Euskaraldiak martxan jarritako web orrialdean.

Informazio gehiago:
usurbil@euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Youtube: Euskaraldia Usurbil

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.