Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

“Black is beltza”, “Galerak” kontzertuan eta “Harria Hitz” bisita gidatua, Kulturaldiko lehen hitzorduak

By on 2018-11-08 in Aisia, Euskara, Jendartea, Kultura with 0 iruzkin

Abiatzear dugu NOAUA!ren Kulturaldia! Asteburuan izango ditugu lehen hitzorduak eta sarrerak salgai ditugu, ez ahaztu! Sutegira datoz Fermin Muguruza eta “Black is beltza”, “Galetas” diskoaren aurrerapen kontzertua eta “Harria Hitz” bisita gidatua. 

Ekitaldiotarako sarrerak salgai dituzue Bordatxon, Artzabalen, Lizardin edota Noaua! Kultur Elkartearen egoitzan (kantu bazkariko txartelak Patri jatetxean). Merkeago eskuratu ahalko dituzue NOAUA!ko bazkideok NOAUA!ren egoitzara etorrita. Horrekin batera gainera, NOAUA!-ko bazkideon artean Kulturaldirako sarrera mordoxka bat zozketatuko ditugu azaroaren 9an. Adi beraz eta zorte on! 

Beherapenak izan edota zozketa hauetan parte hartu nahi baduzu, egin zaitez NOAUA! kide. Etorri kultur elkarteko egoitzara eta segituan tramitatuko dizugu bazkidetza.

NOAUA!ren KULTURALDIA
Oharra:
 “Harria Hitz” bisita gidatua eta Bertso-Kantu-Jira-Bazkaria izan ezik, ekitaldi guztiak, Sutegiko auditorioan.

Azaroak 10, larunbata

22:00 “Galerak” diskaren aurrerapen kontzertua Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: “Poesia, antzerkia, dantza eta ilustrazioak biltzen dituen zuzeneko musika emankizuna, pianoa, akordeoia, biolina, txeloa, txirula, txistua eta perkusioarekin, Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallusen zuzendaritzapean. Sutegiko agertokian ondorengoek abestuko dute: Amaia Intxaustik, Jon Gurrutxagak, Onintza Manterolak, Paula Brotonsek, Xabi San Sebastianek… Aktorea: Ion Martinez. Dantzaria: Miren Lizeaga. Talde gonbidatua: Natali.

“Udako olatuaren eran etorri zinen. Oroitzen dut nola elkar ezagutu genuen taberna hartan, Zarautzen. Eta, udazkenaren atarian, igande bare batean, zure poema baten kantua erakutsi zenidan. Hitz haiek idazten segitzera eraman ninduten eta zure itsasoan murgildu nintzen. Zure bizipenek melodia eta poesia eskatzen zuten. Zuregana iristeko era. Sortu zenuen doinuak harrapatu ninduen. Zure ahotsak zirrara eragin zidan”. 

Sarrera: 8€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 6€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik. 
Antolatzailea: NOAUA! K.E.



Azaroak 11, igandea

10:00 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean, frontoitik abiatuta.
11:15 Zumeta Arte Estudiora bisita. 
12:35 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita + tailerra/ikastaroa (sagarra-egurra-txalaparta). 
13:35 Mokadutxoa (txorizo egosia, gazta eta sagardoa). 
14:00 Amaiera.
Oharra: Zumarte Arte Estudiora eta Txokoaldeko Txalaparta Txokora joateko furgoneta zerbitzua.

Zehaztasunak: “Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere. HARRIA HITZ ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez (Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua), Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu. Horrez gain, Zumeta Arte Estudiora –Jose Luis Zumeta margolariak eta bere alaba Usoak partekatutako espaziora– ere gerturatuko gara, eta TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokoa –Oreka TX taldeko txalapartariek Usurbilen entseatzeko eta erakustaldiak egiteko duten gunea– ezagutzeko aukera izango dugu”. 

Antolatzaileak: Noaua! Kultur Elkartea, Sagarren Bihotza, Sagardoaren Kultura eta TXTXTX txalaparta Txokoa.

 


Azaroak 11, igandea
19:00 “Black is beltza” filma Sutegiko auditorioan (Fermin Muguruza Sutegin izango da!)

Sinopsia: “Fermin Muguruza etorriko zaigu pelikularen nondik norakoak azaltzera. 1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea. Benetako gertaera horretatik abiatuta, Muguruzak, Canok eta Alderetek Manex Unanueren historia asmatu dute: erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Errealitatea eta fikzioa dantzan jartzen dituen intrigazko haria da Black is Beltza, deus falta ez duena: maitasuna, iraultza, espioitza. Eta horren guztiaren lagun, garaiko soinu banda bereizgarria, adierazkortasun grafiko handiz zuzen-zuzenean 1960ko hamarkadako bihotzera eramango gaituena.

Sarrera: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 14, asteazkena

19:30 Solasaldia Antton eta Julen Telleriarekin eta Aitziber Garmendiarekin Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: ETB-ko “Gure Kasa” saioko aurkezle Antton eta Julen Telleriarekin eta Aitziber Garmendiarekin berriketan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 16, ostirala

19:30 “Euskaraldirako 4 aitzakia” antzezlana Sutegiko auditorioan.
Antzezleak: Nahia, Xabat, Eli eta Patxi.
Zehaztasunak: “Euskaraldia zertarako? Usurbilen behar al da? 4 hauen esku utzi behar ote dugu Euskaraldiaren ardura gure herrian?”.
Sarrera: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 17, larunbata

Kantu-Bertso-Bazkari-Jira
12:00 Kantu-Bertso-Jira Agin Laburu eta Aitor Sarriegi bertsolariekin eta Kantu Taldearekin, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Ondoren, bertso bazkaria Patri jatetxean. Bazkaritarako txartelak aurrez salgai 20 eurotan Patrin soilik.

Antolatzaileak: Kantu Taldea, Bota Punttuba eta Noaua! Kultur Elkartea.


Azaroak 17, larunbata
19:00 “Oreina” filmaren proiekzioa.
Zehaztasunak: Ramon Agirre antzezlea eta Marian Fernandez Pascal ekoizle exekutiboa etorriko zaizkigu pelikularen berri ematera.
Sarrerak: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Zuzendaritza eta gidoia: Koldo Almandoz.
Aktoreak: Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elías eta Erika Olaizola.
Sinopsia: “Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu. Periferia horretan, jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea, zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea. Khalil, industriaguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua da. Khalilek ahal duen moduan egiten du aurrera eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen furtibo zahar batekin pasatzen ditu egunak. Mareek, paduraren uhertzean, maitasuna eta desamodioa, kidetasuna eta mendekuaren denbora markatzen dute”.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.


Azaroak 18, igandea

19:00 “Eme” taldearen kontzertua.
Zehaztasunak: “Azken aldian soinu teknikari lanetan nabarmendu den arren, Haritz Harreguy ibilbide luzeko musikaria da. Larrua Truk eta Sen taldeetako gitarrajole eta kantu-sortzaile izan zen. Gaur egun, errekonozimendu handiko soinu teknikaria da. Bere alde sortzailea, ordea, ez du sekula baztertu eta eMe proiektua da horren erakusgarri. Ruben Caballero musikariarekin eta Nora Izagirre kantariarekin batera osatu berri duen taldea da eMe. Beleak elurretan diskoarekin, gaur-gaurko pop musikaren esparruan itsasoratu dira. Ez da pop elektronikoari hertsiki lotutako diskoa. Ez da soilik synth pop. Dance lan batetik oso urruti dago. Baina badu guztietatik zerbait. Gaurkotasun handiko pop musika, lau hitzetan esanda. Haritz Harreguyk Usurbilen duen estudioan mimo handiz egina”.
Sarrera: 10€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.