Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Errigoraren Nafarroa hegoaldeko produktu kutxak eskatzeko aukera gaurtik


“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” Errigoraren udazken parteko elkartasun ekimena abian da Euskal Herri osoan, baita Usurbilen ere. Azaroaren 14ra arte eska ditzakezue Nafarroa hegoaldean ekoitzitako bi produktu kutxak.

Dagoeneko bost urte bete ditu, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Zazpiak Bat eta Errigora inplikarazi dituen kanpaina honek. Euskara, elikadura-burujabetza, auzolana eta Nafarroa hegoaldea lotu ditu. Tokiko ekoizpena sustatzearekin batera, bildutako laguntzaren zati bat bertako euskalgintza suspertzera bideratu dute. “Ideia sinplea zen: Nafarroa hegoaldeko baratzaren uztarekin saskiak osatu eta jasotako diruaren %25 zonalde zigortu honetan euskara hauspotzeko erabili. 2013an 8.000 saski baino gehiago eskatu ziren eta azken bi urteetan 14.000 banatzera iritsi gara”.

Jasotako laguntza nabarmentzeko modukoa da. “2013-2018 urte bitartean, 800.000 euro bideratu ditugu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Mila esker eta zorionak hau posible egin duzuen guztioi!”. Guztia, besteak beste, usurbildarron laguntzari esker.

Bildutako euroetatik haratago joan da noski, ekimen honek eginiko ekarpena. “Urteotan lortutako milaka euroei zuku handia atera zaie, baina guztion artean herri honi egin diogun ekarpena ezin da eurotan neurtu. Euskal Herriak eta herritarrak elkarrengana hurbiltzeko ahala, ekozle eta kontsumitzaileen arteko indar batuketa edo auzolanak ematen duen bizipoza ezin baitira zenbatu”, Errigoratik diotenez.

Begi bistako ekarpenak
Urteotan auzolanean bildutako elkartasuna, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratu dute; besteak beste, ikastoletara. Azpiegiturak hobetu edota baliabidez hornitzera. 

Erriberako AEK-ra ere helarazi dute laguntzaren zati bat. Euskaltegiaren mantenura, baina baita ikasleei bekak ematera ere. Administrazioaren laguntzarik jasotzen ez dutenez, ikasleek euskaltegian matrikulatzeko egin behar izaten duten ahalegin ekonomiko handia lagundu nahi dute hartara. Jada 70 ikasleek jaso dute aipatu beka. Eta nabaria da bost urteotan nola igo den matrikulazio kopurua AEK-n; 2013az geroztik bost urteotan, 60tik 102ra.

 “Baina orain artekoa bidearen hasiera baino ez da izan. Jarrai dezagun euskararentzat dirua zenbatzen eta herriarentzat ekarpen kontaezinak pilatzen!”, animatzen dute Errigoratik.

Euskaraldia
Errigora ekimenak bat egin du baita azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den Euskaraldiarekin. Euskararen erabilera areagotu, hizkuntza ohiturez hausnarrarazi nahi digun ekimenean Belarriprest nahiz Ahobizi gisa izen ematera animatzen dute.

Udazkeneko kanpaina
-Eskaerak: urriaren 25etik azaroaren 14ra NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
-Bi produktu kutxa aukeran:
Kutxa beltza:
Prezioa: 50 euro.
Produktuak: oliba-olio birjina estra, ozpin ekologikoa, mahats-zuku ekologikoa, orburu bihotzak, piper txorizero mamia, potxak, ardo beltz ekologikoa, zainzuri zuriak, arbendolak, borraja ekologikoa, pikillo piper osoak, melokotoia almibarretan, tomate frijitua.

Kutxa zuria:
Prezioa: 50 euro.
Produktuak: pikillo saltsa, pasta ekologikoa, teilak, pikillo piper osoak, ardo beltz ekologikoa, zainzuri zuriak, orburu bihotzak, arroza, zainzuri-krema, piperrada, ozpin ekologikoa, ardo eta kanela pastak, txokolatezko cookieak.

Egutegia
Urriak 25-azaroak 14: eskaerak egiteko epea.
Azaroak 29-abenduak 4: saskien banaketa.

Informazio gehiago: errigora.eus

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.