Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsionamendua du

Gogoan izango duzue, berriki Espainiako Kontu Auzitegiak garai batean Zubietan eraiki nahi zen erraustegia gaindimentsionatua zegoela aitortu zuen. Egun eraikitzen ari direna ere hala dago. Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak %110etik gorako gaindimentsionamendua du.

Hala adierazi du GuraSOSek astearte goiz honetan Donostian egin duen agerraldi bidez. Hitzartu prozesuaren baitan adituekin osaturiko mahai teknikoa Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren erredakzio betean da. Sei fase dituen lanketa honetako lehen bietan bildutako ondorioak aurkeztu dituzte hedabideen aurrean. 

Ondorioa, aipaturikoa. %110etik gorako gaindimentsionamendua du Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak. “Tamaina horretako gaindimentsionamendua eskandalua da, erraustegiaren eraikitze eta zerbitzu lanen 1.000 milioi euroko gastua gipuzkoarrok 35 urtez hondakinen tasaren bidez, ordaindu beharko dugula kontuan hartzen badugu”.

Horregatik berretsi du GuraSOSek, hiri hondakinen kudeaketa plana erredaktatzeko beharra dagoela, gardentasuna, baldintzarik gabeko eztabaida teknikoa eta benetako hiritarren parte hartzea bermatuta.

“Bitartean, kalte gehiago saihesteko erraustegiko lanak berehala geldiaraztea eta kontratua etetea exijitzen dugu”, adierazi du GuraSOSek, Donostian, EHU-ren Carlos Santamaria eraikineko erakusketa gelan eginiko agerraldian.

Foru planak, erraustegia justifikatzeko
Gogoan izango duzue, GuraSOSek abian du Hitzartu ekimena, hondakinen kudeaketarekin Gipuzkoan dugun gatazka adostasunez konpontzeko bide-orria diseinatuko duen herritarren parte hartze prozesua. Testuinguru honetan, 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plana erredaktatzen ari da mahai teknikoa, ingeniari talde bat. Sei fasetan burutuko duten laneko lehen bi faseen ondorioak aurkeztu dituzte gaurko agerraldian, Residua Ingenieria y Consultoria enpresako bi teknikariek. Ostegunean (urriak 25) 18:15ean, leku berean (Donostiako EHU-ren Carlos Santamaria eraikineko erakusketa gelan) aurkeztuko dituzte emaitza hauek, Hitzarturen herritar, eta eragile sozial anitzen ordezkariez osaturiko Mahai Sozialaren aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hiri hondakinak kudeatzeko 2002-16 eta 2019-30 planek aurrez hartutako erabaki politiko bat justifikatzeko baliatu dituztela ondorioztatzen du Hitzartu prozesuaren testuinguruan adituez osaturiko mahai teknikoa bideratzen ari den lanketak. Hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzekoz aurrera egin dituela lanak. Hiri hondakinen kudeaketa plana urratsez urrats hausnarketa prozesu batetik erredaktatu beharrean, teknikoa ez den eta aurrez hartutako erabaki politiko batean oinarritu dela Foru Aldundia, helburu argi batekin; aurrez erabakia zuten dimentsioetako erraustegia bat eraikitzea justifikatzeko.

“Horregatik, hiri hondakinen kudeaketaren plana erraustegia eraikitzeko erabaki politikoa justifikatzearekin nahasten da. Eta helburu horri begira, dena balekoa da”, GuraSOS-en esanetan.

“Erraustegiaren beharra justifikatzeko erabilitako datuak ezin dira kontuan hartu”
Hainbat zenbaki plazaratu ditu GuraSOS-ek gaurko agerraldian. 2017an Gipuzkoak guztira 329.000 tona hondakin sortu zituela deklaratu du Foru Aldundiak. Aldiz, “erraustegia dimentsionatu eta kontratatzeko” baliatu duten prognosiak urte horretan, 200.000 tona gehiago 529.000 tona sortzea aurreikusten zuen. Alegia, aurreikusitakoa baino 200.000 tona hondakin gutxiago sortu zuela iaz Gipuzkoak. Aldea nabaria da. Argi dio GuraSOSek, “erraustegiaren beharra eta bere dimentsionamendua justifikatzeko erabili diren datuak ezin dira kontuan hartu”. 

Datuak bi tratara interpreta daitezkeela dio GuraSOS-ek. Edo Zubietan eraikitzen ari diren erraustegian “hiri hondakinak ez direnak erraustu asmo dituzte; papergintza industrietako erreusa, Europako araudiak espresuki hiri hondakinen kontzeptutik baztertzen dituzten depuradorako lodoak…”. Edo bestela, hori hala ez bada, “zenbakiak puztutzen dabiltza erraustegiaren bideragarritasuna eta gutxieneko birziklapen ehunekoak betearaztea” justifikatzeko.

Edozein kasutan, herritarrek udal hondakinen kudeaketa, bilketa eta traltatamenduagatik ordaindutako hondakinen tasarekin finantzatuko da erraustegia. Baina GuraSOS-etik gogorarazten dutenez, “irabaziok ezin dira udalerrietakoak ez diren azpiegiturak eta hondakinak kudeatzera bideratu”. Horregatik zioten gaurko agerraldian, erraustegiaren beharra eta bere dimentsionamendua justifikatzeko Foru Aldundiak baliatu dituen datuak ezin direla aintzakotzat hartu. “Erraustegiaren dimentsionamendua kalkulatzeko udalerrietako hondakinak hartu behar dira kontuan soilik”. 

Diru-sarreren desbideratze kasu oso larriaren aurrean gaudela ohartarazi du GuraSOS-ek. Garai batekoa bezala, egun Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia ere gaindimentsionatua dago, eta “egungo egoera hobetzen bada, esponentzialki haziko da jada detektatu den %110eko gaindimentsionamendua”.

Gaindimentsionamenduaren ehunekoa hazi daiteke, ehuneko horrek ez baitu kontuan hartzen prebentzio politikak jartzeko derrigortasuna, ezta etorkizunean izango dugun araudi zorrotzagoa, ezta gutxieneko legalak finkaturikoa baino hondakin gehiago murriztu eta birziklatzeko herritar eta administrazioek har ditzaketen konpromisoak.

Plana erredaktatzen
Hitzartu ekimenaren baitan, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren erredakzio betean dira. Sei faseetan bideratuko dute lanketa hau. Abendurako amaituko dute. Lehen bi faseetako emaitzak aurkeztu dituzte gaur. Honatx aipaturiko sei faseak:
1. fasea: metodologia finkatzea.
2. fasea: datuen azterketa. Prognosiaren egiaztapena.
3. fasea: kudeaketa ereduaren definizioa.
4. fasea: azpiegituren ebaluazioa.
5. fasea: azpiegitura egokiago eta beharrezkoen determinazioa.
6. fasea: kudeaketa antolakuntza herrialdean: administrazio eskumenen kudeaketa.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.