Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Usurbildarrak Donostian erraustegia geratzeko prest

“Urriaren 27an arratsaldeko 17:00etan Donostian “Erraustegia geratu!” aldarripean egingo den manifestaziora joateko deia egiten diogu Usurbilgo herriari”. Hortxe ostegun iluntze honetan Mikel Laboa plazan bildu diren herritarrek ondoko argazkiarekin, usurbildarrei egin dieten deia. Adierazpen hau ere plazaratu dute:

ERRAUSTEGIRIK EZ
Munduan zehar (Italian, Frantzian, Estatu Batuak…) egin diren ikerketa zientifiko ofizialek erraustegi baten inguruan bizi diren pertsonek minbizia izateko arriskua dutela ikusi da. Italian 2013 eta 2015 urtetan egin diren ikerketetan erditze (jaiotza) oso goiztiarrak izugarri hazi direla ikusi da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren 2004. urteko txostenean erraustegiek botatzen dituzten dioxinak (oso kutsakorrak) minbizia sortzeko ahalmena daukatela aipatzen da.

Nafarroan erraustegia ez den beste eredu bat aurrera eramatea erabaki dute. Asturiasen borroka asko ondoren hondakinak ez erraustea erabaki dute. Atzerriko herrialdeetan (Italian legea aldatu eta 12 erraustegi berri ez ditu baimenduko, Australian erraustegi erraldoi bat atzera bota dute, Madrilen Valdemingomez itxi, Mexikon erraustegia gelditu, Irlandan atzera bota…) gutxienez 18 erraustegi itxi edo gelditu dituzte.

Espainiako C.S.I.C. (erdaraz, Consejo Superior de Investigaciones Científicas) delako ikerlari den Fernando Palacios jaunak, Berriari (2016/6/30) eskainitako elkarrizketan dio: “Zabalgarbi inguruko landareetan artsenikoa (oso kutsakorra) pilatzen jarraituz gero, errauste planta itxi egin beharko litzateke inguruko herritarren osasuna arriskuan egon litekeelako”. Zabalgarbiko kutsaduraz, Berriak (2018/08/17) honela dio: “Teknaliak egindako txosten batek adierazi du iazko martxoan kiloko 34 miligramo artseniko topatu dituztela Bizkaiko Kobetamendin neurketa batean. Berez, 30 miligramotik gora, umeek jolasteko desegokitzat jotzen dute eremua.

Eusko Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 11n Zubietako erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratua, C.S.I.C.eko Eduard Rodriguez Farré eta Fernando Palacios doktoreek aztertu eta txosten perizialaren berri eman zuten martxoaren 2an Donostian Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitzan, eta ondorio nagusi honetara heldu dira zientzialariak: “Aztertutako Ingurumen Baimen Bateratuak ez du bermatzen osasuna, atmosferara isurtzen diren substantziekiko kontrol eta mugarik ez baitu ezartzen. Inguruan barreiatuako dira, landareetan, lurzoruan eta uretan”. Txostenak gogorarazten du, egungo Legediak Ingurumen Baimen Bateratua herritarron osasunarentzat eta ingurumenerako arriskutsuak diren substantzien emisioa mugatu behar direla. Zehazkiago esanda, propietate mutageno edo kantzerigenoak izan edo airearen bidez ugalketan eragin dezaketela frogatuak dauden susbtantziena hain zuzen… Zubietako erraustegiari emandako baimenak aldiz, gabezia nabarmenak ditu. Erraustuko diren hondakinek isuriko dituzten hainbat substantzia kutsakorrekiko kontrolik ez da ezarri eta ez dira mugatu gehienezko emisio kopuruak. Zientzialariek eginiko lanketak argi utzi du; segurtasun neurri guztiak hartuta ere, erraustegiak toxikoak dira eta ingurua pozoitzen dute.

Bizimodu osasuntsuago baten alde hor ibiltzen gara Lasarte-Zubieta-Usurbil-Aginaga-Arratzain inguruetan, baratza-zelai-baso-sagasti-erreka-arrai-mendi edo abereei begira. Zubietako erraustegiak, ez al lituzke guztiak eta guztiok kutsatuko? Bertako landare eta barazkiak osasunarentzat hobeagoak direla esaten diguten garai hauetan, Zubietako erraustegiak osasuna ezezik elikagaiak ere kutsatuko lituzke.

Usurbil, Zubieta, Lasarte eta Urnieta erraustegitik 1-3 kilometrotara aurkitzen dira. 5 kilometro inguruan 46.350 pertsona bizi gara eta 10 kilometro inguruan (erraustegiaren kutsadurak hartzen duen eremua kontatzen da) 272.500 pertsona. Zenbat eta gertuago orduan eta kutsatzeko arrisku gehiago. Gure eta ondorengoen (seme-alaba-iloba-biloba) osasuna lehenesten dugulako erraustegiari ez esaten diogu.

Alderdi politiko, erakunde, sindikatu edo eragile anitzek birziklatzearen alde daudela esaten diguten garai hauetan, Usurbilen (Usurbilgo webgunean begiratu daiteke) azken urteetan %80 birziklatu da, eta 2017an %85 birziklatzera iritsi gara. Natura eta pertsonon osasuna babestu ditugu azken bederatzi urte hauetan. PNV eta PSE alderdiek, zer erakutsi behar digute erraustegiarekin daramaten kiratsa darion politika kutsatzaile nazkagarriaren bidez?

Esaldi batek honela dio: “Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian eta bihotza duenak ez du beste herrian nahi, alternatibak daudelako, osasuntsuagoak, jasangarriagoak eta merkeagoak. Aldi berean, urriaren 27an arratsaldeko 17:00etan Donostian “Erraustegia geratu!” aldarripean egingo den manifestaziora joateko deia egiten diogu Usurbilgo herriari.

Bizimodu osasuntsuagoa bai, erraustegiari ez!
Birziklatzeari bai, erraustegiari ez!

Usurbilen, 2018ko urriaren 18an

Erraustegiaren Aurkako Taldea

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.