Euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen elkartea

Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko sentsibilizazio kanpaina, saltokietako oihal beltzen atzean

By on 2018-09-21 in Ekonomia, Jendartea

Erakusleihorik gabe dira tabernak eta dendak. Egun batetik bestera, oihal beltzez estaliak esnatu zitzaizkigun Usurbilgo taberna, denda eta baita udal zerbitzuen erakusleihoak ere ostegun goizean. Ilun, triste. Bizitzarik ez duen herrian biziko bagina sentiarazteko modua izan genuen, saltokiak irekiak egon arren. Oihal beltzekin, mezu kezkagarriak zintzilikatuak zituztela ageri zitzaizkigun atzo eta baita gaur ere; ia horrelako herria nahi dugun galdetzen zuten mezuak, galtzen dugun arte ez dugula jakiten zer dugun edo herrian erosteak handi egiten gaituela gogorarazten digutenak. Oihal beltzok eta mezuok, ia establezimendu guztietan ikus ditzakegu. 

Ostiral goiz honetan argitu digute zergatik dugun egunotan Usurbil, erakusleihorik gabe. Beterriko udal eta merkatari zein ostalarien elkarteek, tokiko merkataritza sustatzeko eskualdean abiatu duten sentsibilizazio kanpainaren baitan jantzi dituzte beltzez dendak eta tabernak. Ez bakarrik Usurbilen, baita eskualdean ere. Kanpaina goizean aurkeztu dute Andoainen.

Atzoz geroztik igandera arte, irailaren 23ra arte oihal beltzekin ikusiko ditugu herriko denda eta tabernak, “herri triste eta bizirik gabekoak simulatuz”. Normaltasunez zabalduko dituzte. Datorren aste hasierarekin batera etorriko da aldaketa. Guztiz kontrakoa irudikatuko da. “Dendak kolorezko globoekin apainduko dira eta kalera irtengo dira aurreko egunetako irudiaren aurkakoa plazaratzeko, eta herriari poza eta bizitza helarazteko”.

Kanpaina honekin bat egin dute Usurbilek, Andoainek eta Astigarragak. Iaz egin zuen Hernanik, baina ostiral honetan iragarri duten Hernaniko Merkataritza Festarekin bat egingo du berriz. Astelehenetik aurrera saltokiak kolorez mozorrotzeko deialdiarekin bat egin du baita Lasarte-Oriak.

Harpidetu

Albiste hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita daude.

Usurbilgo baserriak
Usurbilgo ondarea
Igo
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.